Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak onetsi egin du Putxetako Carolinas auzoan saneamendu-sarea eta urbanizazioa hobetzeko proiektua, eta obrei ekingo die.

Proiektuaren funtsezko xedea da zoladura berria jartzea, 600 metro karratuko azalera duen urbanizazioa hobetzeko.

Horrez gain, obrak egingo direla aprobetxatuz, saneamendu-sarea egokitzeko lanak ere egingo dira: hondakin-uren eta euri-uren banaketa egingo da, lehenak Meatzaldea-Kotorrioko biltzailera eramateko eta bigarrenak, berriz, Abanto errekara.

Argiteria publikoa ere berrituko da: argiztapen publikoko hiru puntu instalatuko dira, auzoko argiteria hedatzeko.

Barandak ere jarriko dira, irisgarritasuna hobetzeko. Halaber, zolatutako gainazala ere areagotuko da, auzoan auzokideentzako beste zazpi aparkaleku sortzeko. Plaza horietako bat minusbaliatuentzat izango da. “Horrela, Carolinas auzoan bizi diren dozenaka familien beharrei erantzun nahi zaie; izan ere, auzora egin ditugun bisitetan hainbat eskaera egin dizkigute”, azaldu du alkateak.

“Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hainbat obra egin ditu Enkarterriko sare nagusiaren hornidura hobetzeko, eta gure udalerria hainbat hilabetez egon da obra horietan murgilduta. Hori dela eta, erakunde publiko horrekin bildu eta hitz egin ondoren, lankidetza-hitzarmen bat egin da, auzoa biziberritzeko”, gehitu du Auzo saileko zinegotzi Jon Cuestak.

Azpimarratu beharra dago bi erakundeen nahia dela obra horiek gauzatzea, herritar guztien ongizatea hobetzeko; hori dela eta, Udalak obren % 50 finantzatuko du, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, berriz, gainerako % 50a.

Obrak joan den astean hasi ziren, eta exekuzio-epea bi hilabetekoa da. “Carolinas auzoko herritarrek auzoaz kezkarik gabe gozatzea eta eguneroko hobea izatea nahi dugu”, esan du alkateak. Horixe da gobernu-taldearen helburu nagusia.