Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak bertako gazteen etorkizunean pentsatzen du, eta hezkuntza beharrezkoa da etorkizun horretarako. Hori dela eta, Meatzaldeko Udalak bat egingo du aurten ere Dolores Ibarruri Institutuko matrikulazio-kanpainarekin. Gallartaren erdi-erdian kokatutako ikastetxe horrek duela 47 urtetik ematen die prestakuntza bertako biztanleei eta beste udalerri batzuetakoei.

“Dolores Ibarruri Institutua hor egon da belaunaldiz belaunaldi, hezkuntza-eskaintza onenarekin eta udalerritik atera behar izan gabe. Gaur egun 246 ikasle daude DBHn, 79 Batxilergoan eta 50 Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapeneko Goi Mailako Zikloan. Udalerrian 5 ikastetxe publiko daude: Haur eta Lehen Hezkuntzako lau (Askartza Isusi, El Casal, Buenos Aires eta Etorkizuna Ikastola) eta Dolores Ibarruri BHI. Azken horretan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egin daitezke. Udalerriko gazteek eta haien guraso eta/edo tutoreek gure institutuak eskaintzen dituen gertutasuna, hezkuntza-aukera zabala eta kalitatea ezagutzea nahi dugu, eta gogo betez babesten dugu datorren ikasturterako matrikulazio-kanpaina hau”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Seme-alabentzako ikastetxe egokia aukeratzea erabaki garrantzitsua da edozein gurasorentzat. Dolores Ibarruri Institutuan egunero-egunero egiten dute lan, gazteek beren bizitzako zenbait urte igaroko dituzten lekuak prestakuntza akademikoa eta balioetan oinarritutakoa uztar ditzan, betiere beren etxeetatik gertu egoteak ematen duen konfiantzarekin.

Dolores Ibarruri Institutuak ia mende erdia darama martxan, milaka ikasle ohi ditu eta historia egiten jarraitzen du, baina horrek ez du esan nahi zaharkitua geratu denik. Behin baino gehiagotan eraberritu da eta garai berrietara egokitu da; besteak beste, arbel interaktiboak daude DBHko ikasgela guztietan eta laborategiak berritu egin dira. Bertako instalazioak egoera oso onean daude: ordenagailuak ikasgeletan, gimnasio ona, irrati- eta prentsa-aretoa, musika-gelak eta ikus-entzunezko gelak…

Alabaina, aldaketaren unea da gurasoetako asko kezkatzen dituena, beren seme-alabek ikastetxez aldatu behar izatea.

“Institutuak ikasleei hasiera-hasieratik lagunduko dieten pertsona talde bat dauka: Ikasle Laguntzaileak. Ekimen horren bidez, beste ikasle batzuek egingo diete harrera ikasle berriei, eta beren arazoak eta zalantzak konpontzen saiatuko dira. Horrez gain, ikastetxeak talde pedagogiko kohesionatu eta finkatua dauka DBHko 1. mailako irakasgaietarako; horretarako, ikasleak 15 pertsonako talde txikietan banatzen dira. Are gehiago, Dolores Ibarruri Institutuak urte asko daramatza bizikidetzaren gaia lantzen, gatazkak konpontzeko eta bullying-aren aurrean “0 tolerantzia” izateko bitartekaritza-proiektuen bidez”, jakinarazi du Etxebarriak.

Dolores Ibarruri Institutuak teknologiaren alorreko heldutasun-ereduaren ziurtagiria dauka, baita ikastetxe iraunkorraren ziurtagiria ere.

“Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustua egiten dugu. Gure institutua gertukoa da, konfiantza eta segurtasuna ematen du, udalerritik atera gabe eta herrikideekin batera beren etorkizun akademikorako prestatzeko aukera ematen die gazteei eta kalitatezko hezkuntza-eskaintza dauka. Horrenbestez, gurasoak animatzen ditugu beren seme-alaben hezkuntza Dolores Ibarruri Institutuaren esku uztera eta haiek etxean, Abanto Zierbenan, matrikulatzera”, esan du amaitzeko Etxebarriak.

Hezkuntza-eskaintza

  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH), 12-16 urte, D hizkuntza-eredua.
  • Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Proiektua eta Laguntza eta Pedagogia Terapeutikoko Ikasgela.
  • Zientzien edo Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa, 16-18 urte, D hizkuntza-eredua, oso emaitza onak selektibitatean.
  • Heziketa-zikloak: Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapeneko goi-mailako teknikaria, 16-18 urte, A eta D hizkuntza-ereduak, praktikak enpresetan, laneratze-portzentaje altua.

Haur eta Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako matrikulazio-aldia datorren astelehenean, urtarrilaren 29an, irekiko da. Epea otsailaren 9an amaituko da matrikula ikastetxean bertan eginez gero, eta otsailaren 8an online eginez gero.