Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak aurrera egin nahi du udalerriko emakumeen eta gizonen arteko “berdintasun erreal eta eraginkorrerantz”. Adierazi dute “oinarrizko elementu demokratikoa” dela “gure gizartearen eraikuntza politiko, sozial eta ekonomikoa” finkatzeko.

Helburu horrekin, Meatzaldeko Udala laugarren Berdintasun Plana sortzeko lanean ari da. “Gure Udalaren helburu estrategiko bat da, gaur egungo beharrei eta kezkei egokitutakoa”, azpimarratu du Etxebarria alkateak.

Nabarmendu beharreko alderdi bat da emakumeek eta gizonek zenbait alorretan duten egoeraren diagnostikoa egiteko eredua; talde eragile bat sortuko da prozesu osoa gidatzeko eta baliozkotzeko, eta herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.

Bi sexuen arteko berdintasunaren printzipio horiek guztiak aurrera eramateko, Udalak berak, arloan espezializatutako aholkularitza teknikoaren laguntzarekin, parte hartzeko prozesu garrantzitsu eta berritzaile bat antolatu du. Horren bidez, parte hartzeko hainbat foro egingo dira, herritarrek, teknikariek eta politikariek gaiari buruz dituzten iritzi eta ekarpen guztiak jaso ahal izateko.

“Abanto Zierbenako IV. Berdintasun Plan hau egiteko, arreta berezia jarriko diogu parte hartzeko prozesuari. Gure asmoa da hausnarketa eta elkarrizketa sustatzea herritarren artean, Abanto Zierbenako berdintasunari buruz hitz egin eta eztabaidatu dezatela. Hau da, ekarpenak jasotzeaz gain, herritarrek plan hau bere egin dezaten nahi dugu”, adierazi du alkateak. Eta hori lortzeko, “epe honetan, espazio publikoak eta antolatuko diren ekitaldi guztiak aprobetxatuko ditugu herritarrei gure konpromiso sendoa helarazteko eta udalerriko kolektiboak parte hartzera animatzeko”.

Laugarren planerako diagnostikoa egiteko, Udalaren eremuan lan egingo da, bai teknikariekin bai politikariekin. Horretarako, bi foro egingo dira maiatzean. Horrez gain, herritarrek ere parte hartuko dute. Plan honetan, herritarren eremuan arreta berezia jarri nahi izan du Udalak. Horretarako, parte hartzeko bost espazio egongo dira, gure herritarren profil nagusiak bilduko dituztenak.

Lehenengo foroa herritar guztiei irekita egongo da, eta bi ekitaldi programatu dira Gallartako jaien egitarauaren barruan: umorezko monologoak helduentzat eta ipuin-kontalaria haurrentzat.

Parte hartzeko bigarren foroa 18 eta 30 urte arteko gazteentzat izango da; zehazki, gazteen lokaletan topaketa-merienda bat egingo da uztailean.

Bestalde, Abanto Zierbenako emakumeentzako beste foro bat egingo da, World Café baten bidez, irailean. Emakumeen foro horrekin bat, parte hartzeko laugarren espazioa sortuko da, udalerriko emakumeen hiru elkarteek esku hartzeko. Emakunderen Berdintasunaren aldeko Foroaren barruan jarduera bat egingo da, eta Emakunderen autobusa erabiliko da horretarako. Azkenik, oinarrizko bosgarren foroa kide diren Abanto Zierbenako gizonentzat antolatuko da. Hain zuzen ere, focus group bat egingo da, hori ere Emakunderen autobusean; autobusa zenbait egunez egongo da urrian Abanto Zierbenan.

“Urriko lehen hamabostaldirako, plana egiteko oinarrizko euskarri gisa hartuko dugun informazio guztia izango dugu. Aurreikuspenen arabera, plana abenduan onartuko da eta 2019-2022 aldian egongo da indarrean”, nabarmendu du Maite Etxebarria alkateak.

Abanto Zierbenako Udalak 20 urte baino gehiago darama udalerrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen eta horretarako programak eta ekintzak antolatzen, gure emakumeen egoera hobetzeko xedez. Horren harira, gure udalerriak Berdintasuna saria jaso zuen 2003an Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik”, azpimarratu du Maite Etxebarriak. 2018. urte honetan, 101.600 euroko partida dago arlo honetan lan egiteko.