Albisteak

 
Gallartak igogailu panoramiko berria estreinatu du, eta bizilagunentzako irisgarritasuna eta erosotasuna hobetu da. Jasogailu moderno honek Blasco Ibañez pasealekua eta El Minero etorbidea lotzen ditu, eta egin du jada pasaiarien lehen bidaia. Denon mugikortasuna erraztuko du, eta zerbitzuak hurbildu.

“Igogailua errealitate bat da; obretan 6 hilabete eman ondoren, martxan dago. Orain arte, Blasco Ibañez pasealekua eta El Minero etorbidea eskaileren bidez lortzen ziren, baina mugikortasun murriztua dutenentzat gainditu ezinezko oztopo ziren. Leku batetik bestera eskailerarik erabili gabe joateko bidea askoz luzeagoa zen; izan ere, Blasco Ibañez kalea eta parkea inguratu behar ziren. Adinekoek, zama zeramatenek, emakume haurdunek edo umeekin zihoazenek ez zuten bestelako aukerarik.  Igogailu berri honek 8,91 m-ko garaierako desnibela gainditzen du, eta, beraz, behar-beharrezkoa zen; Gallartako biztanleen eskaera bati emandako erantzun zuzena da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Azpiegitura berri hori herritar guztiek erabili ahal izango dute, bai mugikortasun urrikoek, bai gainerakoek; Igogailu berri honek herriko mugikortasunean eragina izango du, udalerriaren arteria nagusiari eragiten baitio: errazago lotzen du beste auzo eta inguru batzuekin.
Abanto Zierbena udalerri irisgarriagoa bihurtzeko lanean ari da, eta, horretarako, Irisgarritasun Plan berritua jarri du mahaiaren gainean. Jarduketa garrantzitsuenetako bat da hau: igogailu bertikal bat, beiraz hornitua, El Minero etorbidean pasealeku berri bat ere baduena, Gallartako 1. eta 3. zenbakien artean, 16 metrokoa, eta ondo argiztatua.

“Langarik gabeko Abanto Zierbena nahi dugu, eta desnibel hau ere atzean utzi dugu, konpondu egin dugu, gure auzo eta kale guztiak behar bezala konektatuta egon daitezen. Igogailuan 13 pertsona sartzen dira, eta martxan egongo da eguneko 24 orduetan. Azken belaunaldiko jasogailu bat da, eta, akatsen bat egotekotan, bere segurtasun-sistemak beheko solairura jaitsarazten du; beraz, ez dago harrapatua geratzeko arriskurik. Jaitsi egiten da, eta bidaiariak kalean bertan uzten ditu. Gainera, ekintza bandalikoak eta igogailuaren erabilera desegokia saihesteko, bideo-zaintza bidezko sistema bat instalatuko da, eta jasogailuak, gainera, dei-zentral bat izango du”, adierazi du Etxebarriak.

Elementu mekaniko honek Udaleko diru-kutxetako 265.000 euroko inbertsioa behar izan du, eta sei hilabetean egin da. Aukera aprobetxatu da ingurua berriz urbanizatzeko eta obrek eragindako inguruetan landare gehiago jartzeko.