Albisteak

 

Igande honetan, urriaren 28an, beste irteera bat egingo da Bide Berdean eta bere historian zehar. 9 kilometroko ibilbide osasungarria izango da. eta topagunea Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan izango da. 10:45ean hasiko da kirol-saioa; parte-hartzaileen gaineko kontrola egin eta informazio-orriak banatuko dira. Jarraian, Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parke berriaren terrazan, Concha II meategiaren gainean dagoena, parte-hartzaileei informazio-hitzaldi bat eskainiko zaie, urte honetarako hautatutako gaiari buruz: “Crónica de una ausencia: Las mujeres y el antiguo ferrocarril minero” (“Absentzia baten kronika: emakumeak eta garai bateko meatze trena”).

Aurtengoa ibilbidearen hirugarren edizioa izango da. Bide Berdea, Enkarterri eta Meatzaldeko meategietako burdin-minerala itsasorantz garraiatzeko erabiltzen zen garai bateko trenbidea, agerian jarriko da berriro ere. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko langile adituak izango dira ibilbidean, meatzaritzak gure paisaian utzitako aztarnaren berri emateko.

“Meatzaldeko herritar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, euren sustraiak eta ingurua hobeto ezagut dezaten, eta batez ere, emakumeek gure meatzaritzaren historian izan zuten rola deskubritu dezaten, askorentzat historiaren alde hori ezezaguna baita. Adibidez, emakume askok urketari gisa egin zuten lan, eta lan eta izerdi gorriko urte gogor horietan bete zuten rola ezagutarazi nahi dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

11:30ean hasiko da ibilaldia; Bide Berdera Balastera auzotik sartuko gara. Ondoren, parte-hartzaileek kargatzeko tokiaren hondarrak eta "El Once"-ko kokalekua bisitatuko dituzte. Han daudenean, fruta, ura eta txorizo-opilak banatuko dira, indarrak berritzeko, eta bideari buruzko informazioa ere emango da, burua ere elikatzeko; hamaiketako osatua izango da, beraz.

Izen-ematea doakoa da eta Udalaren webgunean (www.abanto-zierbena.eus) eta Enkarterrialderen webgunean (www.enkarterrialde.eus) egin daiteke.

Kolore berde eta burdin-gorriko ibilbide eder horretatik bueltan, parte-hartzaileak Eusko Gudariak plazan elkartuko dira, bertan, egun polit hori gogoratzeko opariak zozkatuko baitira.

Ibilbidea zailtasun txikikoa da, herritar guztiek egiteko pentsatuta dago. Asmoa da igandeaz familian, bikotekidearekin edo lagunekin gozatzea. Hitzordu osasungarri eta aberasgarria da, burdinaz eta suaz forjatutako gure historia ezagutzea ahalbidetuko duena.

Beste behin ere, Ondarearen Europako Jardunaldiak aprobetxatu dira ekimenari irismen handiagoa emateko bizkaitar guztien artean. Aurten, Ondarearen Europako Jardunaldien 18. edizioa izango da, Europa mailako irismeneko kultura ondarea zabaltzeko kanpaina. Bizkaian urrian egin ohi da eta 60 udalerri baino gehiagok parte hartzen dute, Abanto Zierbena horien artean dela. Beste urte batez ere, Foru Aldundiak gizartearen eta kulturaren arloko erakundeak eta kolektiboak, eta partikularrak gonbidatzen ditu ondarearen ate irekien jardueren antolamenduarekin bat egitera, Lurraldearen kultura-ondarea ezagutzera emateko eta horrela, etorkizunerako gorde beharreko oinordekotzari balioa emateko.  “Ondarea, emakumeen emaria” da 2018ko Jardunaldietarako hautatutako gaia. Aukera bikaina da emakumeek kultura-legatuaren transmisioan eginiko ekarpena lantzeko, narratiba integratzaileago eta aberasgarriago batean.

“Gure ustez, inork galdu behar ez lukeen aukera da. Gure mendiak historiaz beterik daude, meatzaritzak bertan irauten du eta pertsona askok ez dituzte ezagutzen bide berdean dauden aparatu eta egiturak, meatze-bizitzari dagozkionak, eta ez dakite bizimodu horrek gure paisaia eraldatu zuela betiko”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.