Albisteak

 

Abanto-Zierbenako Udalak gazteentzako topagune berri bat jarri du abian Las Carrerasen. Gaztegunea erabat hornituta dago eta aste honetan bertan irekiko ditu ateak, auzo horretako gazteentzako eremu garrantzitsuena izan dadin.

Gallartako Gaztegunea duela 8 urtetik dago martxan, eta 2017an 4.264 gaztek baliatu zuten zerbitzu hori. Guztira, 70 jardueratik gora programatu ziren. Orain, Las Carrerasen txanda da, auzo horretako gazteek euren Gaztegunea izan dezaten.

"Martxoaren 9an, ostiralean, irekiko ditugu ateak eta espero dugu 2011-2016 artean jaiotako gazteek, hau da 12-17 urteko gazteek, espazio berri hori erabiltzea eta  baliatzea.  Neurrira eginiko Gaztegunea da, gazteak alkatearekin, Gazteria arloko zinegotzigoarekin eta teknikariekin elkartu ondoren egin baita. Bestalde, Gaztegune berri horri itxura emateko, Las Carreras auzoko bizilagunekin eta gazteekin partaidetza-prozesu bat (#GAZTEEKIMENAK) egin genuen, eta bertan jaso zen ekipamendu berri horretatik zer espero zuten. "Ekarpen guztiak kontuan izan dira" azaldu du Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Las Carreraseko Gaztegunea eremu horren bihotzean dago, Haritzalde plazan. Eremu gazte gisa diseinatu da, elkartzeko eta entretenitzeko, kuadrillan gozatzeko Las Carrerasetik atera gabe.  Espazio horretan honako hauek daude: egongela bat telebistarekin filmak ikusteko, bideokontsolen eta ordenagailuen eremu bat, sukalondo txiki bat eta ping-pongean jokatzeko mahai bat. Gainera, erabilera askotako eremu bat ere badu, mahai eta aulkiekin, ikasteko, bilerak egiteko eta mahai-jolasetan ibiltzeko. Gaztegune berria bi monitorek dinamizatuko dute, eta asteburuetan izango da zabalik, ordutegi honetan: ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:30era eta igandeetan 16:30etik 20:30era. 

"Familiek gazteentzako aisialdi-eremu bat eskatzen ziguten eta, pilotalekuaren ondoko gazteen moduluak jarri ondoren, beste pauso bat eman behar genuen; hala, Las Carreraseko Gaztegunea estreinatu dugu. Gure lehentasunetako bat gazteen aldeko apustua egitea da, eta, horregatik, haien itxaropenak betetzeko lan egiten dugu, gazteak baitira Abanto-Zierbenaren etorkizuna" adierazi du Etxebarriak.

Instalazio berri hori egiteko, 85.000 eurotik gorako inbertsioa egin da, eta gazteentzako udal-ekipamenduak osatzen ditu. Martxoaren 8an, ostegunean, ateak zabaltzeko eguna egingo da. Bestalde, martxoaren 9an, ostiralean, DJ batekin jai bat eta mokadutxoa egingo dira, Las Carreraseko Gaztegunea martxan jartzeko. Eremu gaztea izango da, guztiak elkartzeko eta entretenitzeko.