Albisteak

 

Jaietan Berdintasuneko 200 kit banatuko dira gazteen artean, eraso sexisten aurka

Ekainaren 29tik (ostirala) uztailaren 8ra arte (igandea), Sanfuentesen Santa Luziaren omenezko jaiak ospatuko dira. Jardueraz beteriko 6 egun izango dira, girorik onenarekin. Sanfuentes dantzan Santa Luziaren erritmoan; ostiraleko lehen orduan hasiko dira jaiak, zehazki goizeko hamaiketan, Pilar Abín plazan, umeentzako collagearekin. Ondoren, herri bazkaria egingo da, eta, geroago, euskal jantzi tradizionalen desfilea.

“Nagusiek nahiz txikiek beren lekua dute jai-egitarauan; askotariko jarduerak egongo dira eta jaiek bi asteburu iraungo dute. Beti bezala, eskerrak eman nahi dizkiogu SANJAIBA jai-batzordeari, guztiontzako jairik onenak prestatzeagatik”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ostiralean, arratsaldeko zazpietan, txupinazoa jaurtiko eta pregoia irakurriko da. Aurten, Dolores Ibarruri BHIko boleibol taldea izango da eginkizun horren arduraduna. Eta erritmo onarekin hasteko, Oihan Vegaren animazioa egongo da. Ondoren, Cuarto Traste taldeak kontzertua emango du, eta, jaiarekin jarraitzeko, euskal DJ famatuak musika jartzen jarraituko du.

Ekainaren 30a jaietako egun handia da, Santa Luzia eguna delako. Egun horretan jarduera asko egingo dira: bolo, igel-toka eta partxis txapelketak, kalejira Herrizaleak txistu-taldearen eskutik, herri bazkaria pilotalekuan (guztiak zaudete gonbidatuta), txitxarrilloa, sardina-jana, “Antrexatak” dantza-ikuskizuna Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearen eskutik eta orkestra. Aurten, berritasun gisa, zezentxo puzgarrien entzierroa egingo da El Carrejotik errugbi-zelaira arte.

“Entzierro bat bizitzea oso jarduera dibertigarria da. Sanfuentesko bizilagun guztiak, batez ere, txikitxoak, animatu nahi ditugu San Ferminen bezala zuri-gorriz janztera eta zezentxo puzgarrien aurretik korrika egitera. Barre egingo dugula ziurtatuta dago”, adierazi du Etxebarriak.

Uztailaren 1ean (igandea), Sanfuentesen jaiez gozatzen jarraitu ahalko dugu; azoka, esku-pilota, xakea, kaleko animazioa, apar-jaia eta indaba eguna egingo dira. Azken jarduera horri dagokionez, kuadrillek beren putxerak prestatu ahal izango dituzte Pilar Abín plazaren inguruetan. Egunari amaiera borobila emateko, Maribel Salasek eta Agustín Jiménezek bakarrizketak egingo dizkigute.

Uztailaren 6an (ostirala), haurrentzako ikuskizuna eta zur-joko tradizionalak izango dira. Era berean, Enarak Dantza Taldeak “Euskal Mitologia” dantza-erakustaldia egingo du pilotalekuan. Gauez, gorputzak mugitzeko unea iritsiko da, Lehian taldearekin.

“Uztailaren 7an (larunbata), jarduera asko egongo dira: haurrentzako parkea, ping-pong eta katxete erako boloen txapelketak, artzain-txakurren erakustaldia antzar eta ardiekin eta 70. hamarkadako gazteen topaketa; besteak beste. Jaiegun bete-betea izango da. Gaueko hamaiketan, jaitsiera egingo da Santa Luziako zelaietatik Pilar Abín plazaraino. Ikuskizuna, musika eta batez ere giro ona izango dira. Herritar guztiak animatu nahi ditugu jaitsierarekin bat egitera”, esan du Etxebarriak. Eta egun berezi horri amaiera emateko, Kosmos orkestrak dantzan jarriko gaitu.

Eta indarrik geratzen bada, Sanfuentesko Santa Luziaren omenezko jaiek igandean ere aurrera jarraituko dute. Egun horretan, paellak izango dira protagonista. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien eta artisautza azoka, tiragoma txapelketa eta askoz jarduera gehiago egongo dira. Eta Sanfuentesko jaiei amaiera eman aurretik, Blue Ye-Yes taldeak dantzan jarriko gaitu berriro.

“Jai hauetan, Las Carreras eta Gallartakoetan bezala, gazteekin lanean jarraitzen dugu eraso sexistarik gabeko eta horien kontrako jaiak lortzeko. Jaitsieraren ostean, Berdintasuneko 200 kit bananduko dira kuadrillen artean. Horietan, eraso sexista baten aurrean nola jokatzeari buruzko argibideak, intereseko telefonoak eta txapa oso aldarrikatzaile batzuk biltzen dira. Behar bezala ligatzen den eta eraso sexistarik gabeko jaiak nahi ditugu; izan ere, “kalea, gaua eta jaiak gureak ere badira”. Hezitzaile bikote bat izango da kalean, gazteekin jaiak askatasun osoz eta indarkeriarik gabe, eta batez ere, errespetuz gozatzeari buruz hitz egiteko. Herriko gazteak gero eta kontzientziazio handiagoa dute, baina lanean jarraitu behar dugu emakumeek jaiak bakean eta beldurrik gabe bizi ahal izateko. Eta bide hori hezkuntzarekin hasten da", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

GORA SANFUENTESKO JAIAK!

Kartela ikusi (PDF 1,31MB)