Albisteak

 
Abanto Zierbenan jaiak izango dituzten lehenengo auzoak, urtero bezala, Putxeta eta Kotorrio dira. Ostiral honetan, martxoaren 16an, San Jose jaiei emango zaie hasiera. Txupinazoa arratsaldeko sei eta erdietan izango da, eta dantzarako eta jaietarako gogoa edukiko dugunez, gauean Julen DJk gorputza mugiaraziko die bertaratzen direnei.

Putxetako eta Kotorrioko Jai Batzordeak antolatzen du, Udalaren babesarekin eta kultura-–eta kirol-elkarteen laguntzarekin, lau egunetan auzoa dinamizatuko duen jai-egitaraua.

“Udalerri handia gara eta auzo bakoitzak bere jai eta ohiturak ditu. Putxetak eta Kotorriok jaiez beteriko urteari emango diote hasiera pozez, eta txikien eta helduen gozamenerako ekintzekin. Oso harro gaude gure auzo txiki guztiez, guztiok batera Abanto Zierbena osatzen dugulako, plurala, guztiona" adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Martxoaren 17an, larunbatean, herritarrek zein bisitariek goizetik gozatu ahalko dute ekitaldi ugariz. Hasteko, ibilaldi bat egingo da zaldiz herriaren inguruan, Los Cuatreros kirol- eta kultur-elkartearen eskutik. Goizeko hamar eta erdietan, arku-tiroko zelaian ate irekien jardunaldia egingo da, baita hamaiketakoa (txorizoa eta odolostea) ere.

Tiragomen Txapelketako X. edizioa egingo da, eta Muskizko txistularien taldeak girotuko du euren kalejira alaiekin. Arratsaldean, berriz, mus txapelketaz gozatzeko unea iritsiko da, bai eta 14 urtetik beherakoentzako bizikleta gaineko zinta-lasterketaz ere. Herri-kirolek ere izango dute hitzordua jai hauetan. Arratsaldeko sei eta erdietan, kirol-erronka izango dugu: harri-zulatzaileak eta idi-dema aldi berean. Herriko aizkolari batek irekiko du gure ohiturekin dugun hitzordu hori.

Eta hainbeste ariketa fisiko egin ondoren indarrak berreskuratu behar direnez, txorizo- eta odoloste-jate bikaina izango dugu. Nolanahi ere, dena ez da jatea izango; hortaz, gauean dantzaldia izango da indarrak irauten duen bitartean, Raspu Espectáculos-en eskutik, eta dagoeneko ospe handia hartu duen herritar guztientzako eguzkitakoen dantzarekin.

Igandean, Putxeta Txapelketak urratuko du eguna. Abanto Gezaleriak elkarteak antolatzen du El Calero arku-tiroko zelaian. Gainera, berriro kalejira izango dugu Muskizko txistulariekin. Arratsalderako, adin guztietako mozorro lehiaketa antolatu da; horrez gain, umeentzako dantzaldia familiarekin gozatzeko eta parrillada handia indarrak berreskuratzeko.

Martxoaren 19an (astelehena), jaien zaindari San Jose egunean, hainbat ekintza egingo dira: igel-toka txapelketa, parrillada handia eta amaierako traka. Orain goza dezagun eta esan dezagun: Gora Putxetako eta Kotorrioko jaiak” esan du amaitzeko Etxebarriak.

 

 Festetako kartela (PDF 107KB)