Albisteak

 

Las Carrerasko jaiak maiatzaren 25etik ekainaren 3ra bitartean izango dira. Dantzatzeko, barre egiteko, eta batez ere, La Trinidad jaiez gozatzeko unea iritsi da. Jai-egitarauak gustu eta adin guztietarako jarduerak biltzen ditu.

Txupinazoa, maiatzaren 25ean (ostirala). Beti bezala, txupinazoaren aurretik, Las Carreras giroan sartzen hasiko da, pilotalekuko zelaietan egingo den apar jaiarekin. Eta arratsaldeko zazpi eta erdietan, Haritzalde plazan, jairik oneneko hamar egunei hasiera emateko txupinazoa jaurtiko da. Pregoia San Pedro Hogeitalau abesbatza mistoak egingo du, aurten taldearen X. urteurrena baita; eta Pako & Mitxel dj-ek girotuko dute. Ondoren, txokolate-jana izango da, ahobizarra kentzeko.

Lehenengo ostiralean musikak hartuko ditu kaleak. Arratsaldean txaranga egongo da, eta gero, Trikidantz taldeak gauari hasiera emango dio bere erromeriarekin.

“Las Carreraseko jaiek hasiera ematen diete gure Udal honetako jai-ibilbideari. Lehenetakoak dira eta herritar guztiek hartzen dituzte gogo handiz. Guztiak animatu nahi ditugu jarduera guztiez, dantzaldi guztiez, gozatzera. Ziur gaude, beti bezala, girorik onena sortuko dela”, adierazi du, harro, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Maiatzaren 26an (larunbata), egunari hasiera emango zaio Somorrostroko Batailaren birsortzearekin, gure herriko historia gogorarazteko. Goizean publiko guztientzako jarduerak egingo dira: haurrentzako jarduerak, talo tailerra, XIV Tiragoma txapelketa, eta gazteek antolatutako Herri Bazkaria.
 
Arratsaldez, urtero bezala, Laskabaila taldeak dantza-erakustaldia egingo du, eta ondoren, EMELKAko Gure Artean taldeak antzerki-ikuskizuna eskainiko digu.

Egunari amaiera emateko, kontzertuak izango dira La Trinidad plazan, eta Nueva Alaska orkestrak emanaldia egingo du Haritzalde plazan.

Igandean ez dadila erritmoa eten; haurrentzako puzgarriak eta mota guztietako jarduerak egongo dira, arku-tiroko parte hartzeko tailer bat eta guzti. Eta hamabi eta erdietan giroa gozatuko da; izan ere, gozogintza lehiaketaren zazpigarren edizioa egingo da, San Pedro Hogeitalau abesbatza mistoaren kantutegi herrikoiak girotuta.

Arratsaldeko seietan, egunari amaiera emateko, gorputzak dantzan jarriko ditugu Markelin dj-aren emanaldiarekin.

Eta salto batez, jaietako bigarren asteburura igaroko gara. Ekainaren 1ean (ostirala), arratsaldeko seietan, XXXIII Txelu Izaguirre memorialaren pilota-partidak hasiko dira. 19:30ean, Haritzalde plazan, Enarak Dantza Taldeak erakustaldia egingo du, eta ordubete geroago, Abanto Club-ekoek burruntzi-pintxoen dastatzea antolatu dute. Azkenik, 23:30ean Glaukoma taldearen kontzertua ikusi ahal izango dugu, eta ondoren, Urrats taldeak erromeria egingo du.

Ekainaren 2a (larunbata), gailurretik hasiko dugu, Gure Mendi Zaharrak taldeak antolatzen duen Montañorako II. igoerarekin.  Udalerriko haurrentzat parke handi bat jarriko da, hamaiketatik ordu biak arte, eta arratsaldez, lauretatik seiak arte; Haritzalde plazan izango da. Bestetik, erretiratuen, alargunen eta pentsiodunen elkartean, luncha egingo dute.

“Arratsaldeko hiruretan herri-bazkaria egingo da; tiketak Las Carreraseko tabernetan daude salgai, 10 euroan”, adierazi du Etxebarriak.
Ondoren, Enarak Dantza Taldeak zuzendutako jaitsiera ikusi ahal izango dugu; Putxetako bidegurutzetik hasi eta Haritzalde plazan amaituko da, Ambrosio de los Heros etorbidea zeharkatuta. Arratsaldeko zortzietan izango da.

Jaiak txosnen eremuan jarraituko du, Laskarock ekitaldiaren bederatzigarren edizioarekin; bertan, tokiko bandek beren talentua agerian jarriko dute. Larunbateko gaua Haritzalde plazan amaituko da, Pasarela orkestraren dantzaldiarekin.

Eta oraindik indarrez jarraitzen badugu, 2018ko La Trinidad jaietako azken egunean, bertako produktuen azoka, etxeko txikienentzako gastronomia lehiaketa, ingurumenari buruzko tailerrak eta birziklatutako elementuen erakusketa, eta Estudio 87ren eskuko dantza-ikuskizuna (haurrak, gazteak eta seniorrak) egingo dira. Eta txitxarrilloa dantzatu nahi dutenek horretarako abagunea izango dute arratsaldeko zazpietan Haritzalde plazan, Néctar taldearen eskutik. Bederatzi eta erdietan amaierako traka jaurtiko da, eta Las Carrerasek La Trinidad jaiei agur esan beharko die.

Las Carrerasko jaiak iristear daude… Gora La Trinidad jaiak!

“Jai jasangarrien alde, eska ezazu zure edalontzi berrerabilgarria”

Aurten ere, txosnetan edalontzi berrerabilgarriak eskuratu ahal izango dira, jaietan sortzen ditugun hondakinen kopurua murrizteko. Edalontzi horiek erabiltzeak onura handiak ekartzen dizkio ingurumenari, erabilera bakarreko edalontzietan erabiltzen den plastikoa murriztu egiten duelako eta kaleen garbiketa errazten delako.
Edalontzietako diseinu berria marrazki lehiaketa baten bidez aukeratu da. Abanto Zierbenan jaietan eta/edo ekitaldietan txosna jartzen duten elkarteek parte hartu dute.

“Kalea, gaua eta jaiak ere gureak dira”

Abanto Zierbenako Udalak “Kalea, gaua eta jaiak ere gureak dira” kanpaina abiaraziko du jaietan. Horren helburu nagusia da zero tolerantziaz jokatzea jaietan gerta litezkeen jarrera sexisten aurrean.

“Gure herrietan errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jaiak nahi ditugu, sexu-erasorik gabekoak", esan du, ozen, Maite Etxebarriak. Edozein jarrera sexistaren aurrean zero tolerantziaz jokatu behar dugu.
“EZ esaten denean, EZETZ esan nahi du”, adierazi du alkateak bukatzeko.

Horretarako, kaleko bitartekari bi ibiliko dira gure auzoetako jaietan; gazteei informazioa, jarraibideak eta baliabideak emango dizkiete indarkeria matxistari aurre egiteko eta jarrera sexistak prebenitzeko. Horrez gain, materiala ere banatuko diete. Gainera, jaietako eszenatokietan eta txosnetan lelo hori jasotzen duten pankartak jarriko dira.

Hauek osatzen duten berdintasuneko kita:

  • Plastikozko funda/txartel-zorro bat.
  • Zenbait txartel plastifikatu; erasoen aurkako jarraibideekin, Abanto Zierbenako, Ortuellako eta Muskizko zaindarien jaien egutegiarekin, eta intereseko telefonoekin.
  • Neska eta mutilentzako mezuak dituzten txapak.

ESKU-HARTZEA TXOSNEKIN ETA JAI BATZORDEEKIN:

Lan-saioa/tailerra egingo da Abanto Zierbenan jarduerak egiten dituzten eta/edo txosna jartzeko baimena duten Elkarteekin eta Jai Batzordeekin, jarrera edo jokabide sexisten aurrean nola jokatzeko eta egoera horiek prebenitzeko jarraibide komunak lantzeko. Hori guztia premisa hauekin:

  • Txosnek jarrera matxistarik ez izatea.
  • Emakumeentzako espazio libreak egotea.
  • Jarrera sexisten aurkako jarduketak egitea eta horretarako neurriak hartzea.

 

  • “Bihurtu zure txosna espazio seguru” tailerra maiatzaren 17an egingo da, Las Carrerasen (Erretiratuen Elkartean).
  • Ekarpenekin txosna guztietan aplikatzeko “protokolo” bat edo jarduketa-jarraibide batzuk ezarriko dira; jarrera sexistak baztertzeko eta horien aurka sentsibilizatzeko materialak landuko dira.

Jaiak erabat parte-hartzaileak izango dira; Las Carreraseko talde nagusiek osatzen duten Jai Batzordeari eta herritarrei esker, jai-egitarau osatua egin da. Adibidez, jaietako kartela Radio Abanto-ko ordezkariak egin du, aurtengo edalontzi erabilgarriaren diseinua Las Carreraeko bizilagun batek irabazi du, herritar askok Somorrostroko Batailaren birsortzean parte hartuko dute…

“Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez”, esan du, amaitzeko, Abanto Zierbenako alkateak.