Albisteak

 

Balastera, El Campillo eta Castañoseko Mesedeetako Amaren jaiak ostiral honetan hasiko dira, irailaren 21ean. Lehenengo txupinazoa izango da eta gero dantzaldia DUO TAMAN taldearen eskutik. Jai-giroa eta parranda izango dira nagusi plazan goizaldeko ordu txikietara arte.

“Larunbatean izango da egun handia: kalejira eta falkoneria-erakustaldia izango ditugu, azken hori Euskal Faunaren eskutik. Gainera, heldu nahiz txikien gozamenerako, gaztelu puzgarriak egongo dira eta La Galdamesako trena izango dugu berriro gurekin. Tren txu-txu horrek Balastera, Gallarta eta Castaños zeharkatuko ditu. Beraz, ez dago aitzakiarik auzo txiki hau eta bertako jai handiak ez bisitatzeko”, azaldu du Maite Etxebarriak.

Egitarauan jarduera ugari daude: moto-erakustaldia “Lobos Bikers Bizkaia”-ren eskutik, oztopoen ginkana, apar-festa, mus-txapelketa, dantzen alardea, sardina-jan handia eta baita defentsa pertsonaleko eskola praktikoak ere (Krav Maga), publiko guztientzat. Larunbatari amaiera emateko, mozorro-lehiaketa eta dantzaldia izango ditugu.

“Eskerrak eman nahi dizkiogu Casa Recreo Balastera elkarteari egin duten lanarengatik, jardueraz beteriko egitaraua osatu baitute, denek gozatzeko modukoa. Auzo txiki honetako jaiak berpiztu dituzte; bertako bizilagunei eta kanpotik etortzen direnei onena eskaini nahi izan diete eta lortu dute. Jai itzelak izango dira”, esan du Etxebarriak.

Igandean, irailaren 23an, jaiek Balastera auzoan jarraituko dute. Han ere askotariko jarduerak egongo dira: haurrentzako tailerrak, tute-txapelketa, igel-toka eta adin-mugarik gabeko bizikleta-lasterketa. Horrez gain, lehen aldiz artea izango da nagusi Balasterako kaleetan: Amaia Condek motozerrarekin duen trebetasuna erakutsiko digu eta egurrezko eskulturak egingo ditu zuzenean, ikusleen gozamenerako. Figuretako batekin enkantea egingo da bertaratuen artean, eta jasotako dirua Adizmi elkartearentzat izango da. Eta are zapore hobearekin gera gaitezen, eguerdian Balasterako putxeren lehiaketa egingo da lehen aldiz. Mesedeetako Amaren omenezko lore-eskaintza tradizionala hilaren 24an egingo da.

Asteburua plan ezin hobeez betea datorkigu; aukera paregabea Balastera ezagutzeko eta bertako giro onaz gozatzeko.