Albisteak

 
Euskaraldia gure hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta euskarari atea parez pare irekitzeko ekimena da, estrategia sinple batekin: AHOBIZIEK, euskaraz hitz egiten dutenek, BELARRIPRESTEKIN hitz egitea, gure hizkuntza entzun eta ulertzen duten bizilagunekin.

“Ekimen aitzindaria da Euskadin; udalerri askotan egingo da, eta Abanto Zierbena haien artean dago. Gure aurrekontuen zati bat egitasmo hori martxan jartzera bideratu dugu, eta dinamizatzaile bat kontratatu dugu Euskaraldia ahalik eta hoberena koordinatu eta haren berri emateko. Bada euskaraz hitz egitera ausartzen ez den jende asko, huts egiteko beldurrez, eta langa hori hautsi egin behar da, konfiantzaren eta laguntzaren bitartez, baina, batez ere, ausartuz, hitz eginez eta entzunez”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Aurten, Abanto Zierbenako Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu ohitura-aldaketari begira: hitzaldiak, ikastaroak, ibilaldiak, bideoak, etab. Oraingoan, egitasmoaren lehen ekitaldia aurkezpena izango da. Horretarako, Jose Mari Agirretxe, PORROTX izenez ezagunagoa, etorriko da; hark hasiera-hasieratik hartu du parte egitasmo honetan bere herrian, Lasarte-Orian, eta oso ondo daki zein pauso eman behar diren euskaraz komunikatzera iritsi arte. 

Hitzaldia gaur izango da, apirilaren 18an (asteazkena), Las Carreraseko erretiratuen etxean, 16:45ean. 16 urtetik gorakoei zuzentzen zaie.