Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Lanbiderekin elkarlanean, martxan jarriko du, lehen aldiz udalerrian, 30 urtetik beherako langabeentzako besterik ez den enplegu-programa bat.

“Urtea bukatu aurretik, 3 lanpostu berri eskainiko ditugu, 8 hilabeterako kontratuarekin, jardunaldi osoan, gure udalerriko gazte langabeentzat. Arkitekto tekniko lanpostu bat, proiektuak garatzeko; administrari bat, gizartearen arloko esku-hartzeetako programetan laguntzeko, eta animazio soziokulturaleko teknikari bat, programa soziokulturalak bultzatzeko”, iragarri du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Parte-hartzaileek 30 urte baino gutxiagoko gazteak izan beharko dute, lanpostu bakoitzerako eskatutako titulua eduki, langabe izan eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon.

Hala abiatuko da, Abanto Zierbenan, gazteak kontratatzeko PACAL laguntza-programa; horren bidez, enplegagarritasunaren hazkunde adimentsu, integratzaile eta iraunkorrari lagundu nahi zaio.

“Aukerak sortu nahi ditugu kalitatezko enplegurako, bazterketa-egoerei aurrea hartu eta Abanto Zierbenako gazte-langabeziaren kontra egin, 30 urte baino gutxiagoko biztanle aktiboen enplegua hobetzea lortzeko erronkari lagunduz”, adierazi du Etxebarriak.

“Programaren xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzea, haien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, esperientzia profesionala eskuratuz”, adierazi du Etxebarriak.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurei jarraikiz kudeatuko dira, eta lehentasuna izango dute DSBEren titularrek edo onuradunek, eta 30 urte betetzetik gertuen daudenek.

Ekimen horren aurrekontua 56.000 eurokoa da; horietatik 15.000 euro Udalak emango ditu, eta beste 41.000 euroak Eusko Jaurlaritzaren Lanbidek. “Izugarri ari gara ahalegintzen tokiko enplegua bultzatzeko, bereziki zailtasun bereziak dituzten eta kalteberen diren kolektiboentzat, gazteentzat, besteak beste. Programa horrek helburu du gazte langabeen enplegagarritasuna hobetzea, ikasketak bukatu edo langabe geratu ondoren; laster iritsiko den enplegu-programarekin batera, Udalak 32 langabe kontratatuko ditu guztira. Asko geratzen zaigu egiteke, baina ez gaude geldirik, pausoak ematen ditugu, aukerak sortu; azken finean, gehitu egiten dugu”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.