Albisteak

 

Adinekoek gero eta pisu espezifiko handiagoa daukate gizartean. Hori dela eta, gaurko goiza (osteguna) oso garrantzitsua izango da, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatuko baita. Abanto Zierbenako udaletxeko ateak zabalik egongo dira 11:00etatik aurrera haientzat guztientzat, elkarrekin Adineko Pertsonen Eguna ospatzeko.

“Goizeko 11:00etatik aurrera, harrera egingo diegu Gallartako, Las Carrerasko eta Sanfuentesko erretiratuen, alargunen eta pentsiodunen elkarteei. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure auzoetako nagusiekin egin duten lan guztiagatik eta Abanto Zierbena osoarekin daukaten konpromiso itzelagatik. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu gaur egun giza balio garrantzitsuak lantzeagatik eta baliook gure gizarteari transmititzeagatik”, esan du, hunkiturik, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

“Gaur zuek guztiok zarete protagonistak, eta omenaldia egin nahi dizuegu zuen lan, ilusio eta elkartasunagatik. Gure udalerria adin guztiekin abegitsua izan dadin nahi dugu”, azaldu du Maite Etxebarriak. Orain, Udalak “Abanto Zierbena Atseginez! Adineko Pertsonekin” I. plana lantzen dihardu, kolektibo hori inplikatzeko. «Pertsona aktiboak izan zaitezten eta borroka dezazuen nahi dugu», adierazi du.

Gaur, Maite Etxeberria alkateak eta gobernu-taldeko kideek osoko bilkuren aretoan harrera egingo diete adinekoei, eta haien aldeko hitz batzuk esango dituzte. Horrez gain, kolektiboari eskainitako zenbait poema irakurriko dira, herriko adinekoen elkarteek eurek hitz egingo dute, eta musika-eskolako kideek abesti batzuk joko dituzte. Agur gisa, kafea hartuko dute denek batera.

Gaur egun, udalerriak 9.563 biztanle ditu, eta 65 urtetik gorakoak biztanle guztien % 18,36 dira. Gizarte Ekintza saileko zinegotzi Elena Setiének hitz batzuk esango dizkie bertaratzen diren elkartekideei, eta haiek ere aukera izango dute euren kezkak plazaratzeko.

Udala gogor ari da lanean gure nagusien bizi-kalitatea hobetzeko; hain zuzen, orain arte hainbat jarduera egin ditu kolektibo horren autoestimua indartze aldera, zahartze aktiborako politikak sustatuz, haiek parte hartzera bultzatzeko eta haien beharrei erantzuteko.

Nabarmentzekoa da etxeko laguntzaren zerbitzua: askotan, laguntza hori ezinbestekoa izaten da familia ondo egon dadin. Gainera, laguntza erabatekoa da, sendagaiak hobeto erabiltzeko programan ere parte har baitezakete.

Bete-beteko konpromisoa daukagu gure herritar adintsuenekin, eta, beharrezkoa denean, gizarte-laguntzak ematen ditugu. Oso nekeza da laguntza behar duen pertsona maite bat zaintzea; horregatik, Udalak mendekotasunaren balorazioa izapidetzeko aholkuak ematen ditu. Gainera, Zainduz programak laguntza ematen die familia barruan mendeko pertsona adinduak zaintzen dituzten familiei. Era berean, adinekoei urte osoan informazioa ematen zaie lapurreta eta iruzurretatik babestuta egon daitezen.

Su-detektagailuak ari dira jartzen bakarrik edo 80 urtetik gorako norbaitekin bizi diren 80 urtetik gorakoen etxeetan. Bestalde, Udalak 24 orduko laguntza-protokoloa dauka egoera ahulean dauden 60 urtetik gorako pertsonentzat.

“Gero eta luzaroago bizi gara, eta sortzen diren beharretara moldatuko den udalerri bat eduki behar dugu; bada, horretan gabiltza lanean, hau da, gure nagusien gaur egungo eta etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzen”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.