Albisteak

 

Abanto Zierbenak 80 urtetik gorako pertsonak eta beren etxebizitzak babesten jarraitzen du, eta, horretarako, abenduan suteen aurkako 16 ke-detektagailu berri ipini zituzten dozena bat etxebizitzatan.

Abanto Zierbenako Udalak “Bakarrik edo 80 urtetik gorako beste pertsonekin bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen behar sozialak” ikerketa-lana prestatu zuen 2014an, eta, ondorioz, hasiera eman zitzaion suaren aurkako ekimen honen lehen faseari. Guztira, 169 detektagailu ipini zituzten 165 etxebizitzatan: hau da, bakarrik edo 80 urtetik gorako beste pertsonekin bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboaren % 80 babestea lortu zuten. Ikerketaren oinarri izan ziren 165 etxebizitzetan bizi ziren pertsonen adin-tartea 79 eta 98 urte bitartekoa zen.
Harrezkeroztik, ke-detektagailuak urtero berrikusten dituzte, ondo funtzionatzen dutela ziurtatzeko. Suteak ekiditeko doako zerbitzua da, Abanto Zierbenako Udalak herritar helduenen esku jarri duena; gainera, detektagailuak jartzeko ez da obrarik egin behar. Istripuzko suteak ohikoak dira etxebizitzetan, eta adineko pertsonek biztanleriaren sektorerik ahulena osatzen dute. Beraz, ke-detektagailu bati esker istripuak eta ezbeharrak ekidin daitezke.
“Udalak proiektu honen aldeko apustua egin du, eta 2019ra bitarteko aurrekontua 46.028 eurokoa izango da. Joan den urtean, 10.000 euro baliatu ziren etxebizitza berrietan ke-detektagailuak ipintzeko eta gainerako detektagailuak berrikusi eta konpontzeko.
 
Kasu honetan, bakarrik edo 80 urtetik gorako beste pertsonekin bizi diren 80 urtetik gorako pertsonez osatutako 20 etxebizitza zeuden erroldan.

Hartzaileen arteko bajak alde batera utzita, 14 pertsonak (% 70) parte hartzea eta zerbitzua baliatzea erabaki zuten.

Arriskuak identifikatzeko helburuarekin, arrisku-analisiak egin ziren parte-hartzaileen etxebizitzetan. Horretarako, tresna bat eraiki zen ikuskapenak zuzentzeko eta datuak biltzeko.

Bisitatutako 14 etxebizitzetan bizi zirenentzat krokis bat prestatu zen larrialdi-kasuetan ebakuazioa errazteko, eta, horrez gain, autobabes-eskuliburu bat eman zitzaien etxebizitzetako suteei aurre egiteko. Oinarrizko segurtasun-nozioak ere irakatsi zizkieten (nola jokatu sute baten aurrean).

Bisitatutako 14 etxeetatik 12tan ke-detektagailu bat ipini zen, eta, gainerako 2 etxebizitzetan, bi detektagailu. Ke-detektagailu bat baino gehiago instalatzeko etxebizitzaren metro karratuak eta banaketa hartu ziren kontuan, baita beste arrazoi tekniko batzuk ere. Beraz, 2018an 16 ke-detektagailu berri ipini zituzten, eta, horrez gain, elektrizitate- eta gas-instalazioen eta aurreko faseetan instalatutako detektagailuen jarraipena egin da. Azken horiei dagokienez, bateriak ordezkatu dira, pantaila optikoetako zirrikituak garbitu dira eta gailuak testatu dira, ondo funtzionatzen dutela ziurtatzeko.

 

Laburbilduz, gaur egun 182 etxebizitza daude babestuta eta 212 ke-detektagailu daude abian (horiez gain 30 detektagailu banatu dira etxebizitzetan).

 

Kontuan hartuta 2014an ADINEKO PERTSONEN UDAL BEHATOKIA jarri zela abian, 182 etxebizitza horietan elkarrizketa sozial egituratuak egin dira ahultasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta zailtasunak dituztenen bizi-baldintzak hobetzeko.

Honako hauek dira Udal Behatokiaren helburu nagusiak: alde batetik, adineko pertsonekin harremanetan jartzea, haiei buruzko informazioa biltzea eta euren ezaugarri nahiz bizi-egoera deskribatzea; bestetik, arrisku-, isolamendu- edo abandonu-egoeran dauden eta/edo tratu txarrak jasotzen dituzten pertsonak identifikatzea, eta, azkenik, defizit kognitiboa duten, zerbitzu sozialekin lotutako beharrak dituzten edo behar bereziak dituzten pertsonak identifikatzea.

Etxebizitza guztietan eskuragarri dauden zerbitzu eta baliabideen berri eman zen, eta, elkarrizketen ondoren, gizarte-langileek txosten bat prestatu zuten elkarrizketatutako pertsona bakoitzeko, etxebizitza bakoitzean hautemandako beharrak edo pertsona bakoitzak adierazitako beharrak zehaztuz, baita etxebizitza bakoitzaren eboluzioa ere, aurreko urteko informazioa gehituz.

Adineko pertsonen benetako gabeziak identifikatzeko helburuarekin, galdera zuzenak egin zizkieten euren beharren inguruan. Ondorioztatu zen elkarrizketatutako pertsona gehienen egungo egoera ona dela aztertutako parametro gehienen arabera. Hala ere, prebentzio-neurriak hartzea gomendatzen da egoera onari eusteko.

Horrez gain, azpimarratu behar da ez zela tratu txarrik antzeman.
 
Oro har, uste dugu pertsonen gaitasun soziala hobetzeak eta harreman berriak ahalbidetuko dituzten ekimenak abiarazteak efektu terapeutikoa eta prebentiboa izango dutela.