Albisteak

 

Burdinmendi Bide Berdea Enkarterriko eskualdean aberastasuna eta enplegua sortzeko produktu bilakatzen jarraitzeko asmoz, lankidetza-hitzarmenaren luzapena sinatzeko bildu dira Juan Ramón Melchisidor, Enkarterrialde Landa Garapeneko Elkarteko kidea, eta udalerri hauetako alkateak: Jose Ignacio Iglesias (Artzentales), Maite Etxeberria (Abanto Zierbena), Raquel Larruskain (Galdames), Borja Liaño (Muskiz) eta Emilio Reina (Sopuerta).

Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak ongietorria eman die ekitaldi-aretoan bildu diren pertsona guztiei, eta gogorarazi du Burdinmendi Bide Berdea “gure eskualdeko ekonomiari lotutako etorkizuna duen garai bateko ibilbidea dela” eta bertan “hainbat aisialdi-jarduera osasungarri egin daitezkeela”.  

Jarraian, Enkarterrialde Landa Garapeneko Elkarteko kide Juan Ramón Melchisidorrek hartu du hitza eta eskerrak eman dizkie guztiei Bide Berdean jarritako interesagatik. “Aukera hona da Enkarterriko eskualdeko natura-baliabide honen balioa azpimarratzeko".
 
Burdinmendi Bide Berdea da, hain zuzen ere, lankidetza-hitzarmena sinatu duten udalen alderdi komun nagusia. Guztiek aitortzen dute lankidetza-ekintzak garatzen jarraitu behar dela, Burdinmendi Bide Berdearen komertzializazioa eta posizionamendua hobetzen jarraitzeko.

Lankidetza-hitzarmenaren luzapena sinatzeak aukera ematen du eskualdeko ekonomia, gizarte eta ingurumenaren arloko garapena sustatzeko proiektuak sortzeko. “Garapen-eragileak garen heinean, gure eginkizun nagusia da gure udalerrietako herritarren bizi-kalitatea hobetzea”, esan du Melchisidorrek.
 
Gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenaren luzapenaren eta “Bide Berdea: baliabidetik aberastasuna eta enplegua sortzeko produkturaino” proiektua garatzeko Plan Estrategikoaren helburua da Burdinmendi Bide Berdea eskualdeko ekonomia, gizarte eta ingurumenaren arloko garapenerako jarduketen ardatza izatea.

Horrela, Burdinmendi Bide Berdea jarduera fisikoa sustatzeko elementu izan daiteke, kirola egiteko eta aisialdi osasungarrirako aukera ematen baitu. Era berean, ibilbide osoan presente dagoen meatzaritzaren arloko ondarea, kultura eta naturari buruzko ezagutza zabaltzen du. Horregatik guztiagatik, Bide Berdearen inguruko enpresa-ekimenak sortuko dituzten eta zerbitzuak eskatuko dituzten bisitariak erakarri nahi dira eskualdera. 

Enkarterrialde garapeneko elkarteak koordinatzen eta dinamizatzen du proiektua, udalen sarearekin lankidetzan ekintza ezberdinak sustatuz. Ezarritako helburua 2018an zehar lortzeko asmoz, hainbat jarduera garatuko dira Bide Berdearen baliabidea “bizirik” mantentzeko. 2017an zehar garatutako jarduketen emaitza onak aintzat hartuta, gaur egun eskaera handiagoa duten nobedadeak planteatzen dira.

Alde batetik, bide-seinaleak hobetuko dira, Bide Berdearen ibilbidea hobeto identifikatzeko (batez ere Abanto Zierbenatik igarotzen den zatian).

"Igandeak Bide Berdetik” ibilbide osasungarrien programa mantenduko da. Programa horretan, ibilbideak egiten dira Bide Berdean zehar. Aurten zailtasun txikiko eta 10 km-tik beherako 7 ibilbide egingo ditugu. Horietako bakoitzean bertako produktuak eta dokumentazio informatiboa zozkatzen dira. “Publiko fidela dugu, antolatzen ditugun ibilbide guztietara etortzen dena, eta eskaria gero eta handiagoa da", adierazi du Juan Ramón Melchisidorrek.

Aurten, “Meatzaritzaren munduko bizipenak Bide Berdean - Open  House esperientzia" izeneko programa berria jarriko da martxan. Parte-hartzaileek meatzaritzaren munduko bizipenak sentituko dituzte, Burdinmendi Bide Berdeko eta eraikin garrantzitsuetako ate irekien bitartez. 

Bidea erakusteko beste modu bat Bide Berdeari buruzko erakusketa ibiltaria izango da. 7 panelez egongo da osatuta, eta ikastetxeetan, kultur etxeetan eta halakoetan jarriko dira. Horrez gain, 15 minutuko hitzaldia bat emango da, sustapen-bideoa proiektatuko da (2017an aurkeztu zena), eta bideari buruzko informazioa azalduko da. 
 
Bide Berdearen ibilbidean, informazio-panel berak daude jarrita dira. Bakoitzak QR kode bat du, eta horren bidez, bidearen mapa birtualera jo dezakegu. Mugikorrean QR kodeak irakurtzeko gai den edozein aplikazio instalatuz gero, Burdinmendi Bide Berdeari lotutako askotariko informazio geolokalizatu eta eguneratua eskuratu ahal izango da: jateko eta ostatu hartzeko lekuak, atsedenlekuak, hurbileko Bizkaibusen sarbide eta geltokiak, aisialdi osasungarriko enpresak, farmaziak eta osasun-zentroak, eta bidean zehar dauden ondare-elementuak, besteak beste.  

Bide Berdea sustatzeko eta iragartzeko helburuz, Galdamesko La Aceña trenbide-geltoki zaharraren eraikina publikoarentzat irekiko da asteburuetan, ekainaren 16tik irailaren 16ra arte. Barruan meatzaritzaren inguruko erakusketa txiki bat dago, eta zorua Bide Berdearen ibilbidearen aireko irudi bat da. Gainera, informazio-puntua jarriko da bertan.

“Proposatutako jarduera guztiak pertsona guztien eskura dauden baliabideak dira, eta horien bidez, erantzuna ematen zaio gure ondarea osatzen duten ibilbide edo intereseko guneak ezagutzeko beharrari, Bide Berdeari buruzko informazio garrantzitsua sustatzeaz gainera”, adierazi du Melchisidorrek. 

Azkenik, kirola eta bide berdea uztartzeko elementu berri bat garatuko da: txakurkros lasterketa. Txakurrarekin batera korrika egitean datza. Animalia gerrira lotuta eramaten da, gerriko baten eta txakurraren arnesera krokatutako uhal baten bidez. Bide Berdean zehar egindako lehenengo megaduatloiaren emaitza bikainak ikusita, Enkarterrialdek eta Artzentalesko, Galdamesko, Sopuertako, Muskizko eta Abanto Zierbenako udalek bat egin dute gero eta jarraitzaila gehiago dituen abentura honekin. "Running zale guztiek badakite lagunduta korrika egitea politagoa dela. Kilometroak arinago igarotzen dira. Eta txakurra da, zalantzarik gabe, korrika egiteko motibatzeko pizgarri handietako bat”, adierazi du Juan Ramón Melchisidorrek. 

Burdinmendi Bide Berdearen I. Txakurkrosa – Bizkaiko VI. Txapelketa lasterketak Bide Berdearen zati bat eta Galdamesko mendietako hainbat baso-bide zeharkatuko ditu.  Urte amaieran izango da, urria eta abendua bitartean; izan ere, tenperatura eta eguraldi-baldintza zehatzak behar dira. Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak antolatuko du ekitaldia, Enkarterrialderen laguntzarekin. 

Enkarterrialdek bi urte baino gehiago darama, hainbat proiekturen bitartez, Bide Berderi buruzko ezagutza eta erabilera sustatzen. Horretarako, apustu irmoari eusten diote: jarduera fisikoa eta naturaren ezagutza sustatzea eta meatzaritzaren arloko kultura eta ondarea zabaltzea. Eta amaitzeko, Enkarterrialdeko presidente Juan Ramón Melchisidorrek gogorarazi du “Burdinmendi Bide Berdearen proiekturako lankidetza-hitzarmenaren luzapena sinatzea Enkarterriko eskualdearen alde eta eskualderako eginiko lan-konpromisoaren adierazlea dela”.