Albisteak

 

Abanto Zierbenan meatzaritzaren zaporea dastatzeko bi asteburu izango ditugu. Hastear da Meatzari Pintxoen lehiaketaren seigarren edizioa, zeinetan tokiko 10 establezimendu lehiatuko baitira.

“Abantarrek eta bisitariek zapore berriak dastatzeko aukera izango dute. Aurreko urtean elaborazioen maila oso altua izan zen eta udalerriko tabernetako barren gainean lan eta irudimen handia jarri ziren. Bada, aurten ere ostalariek mantala jantzi eta txundituta utziko gaituztelakoan gaude. Aurtengoa lehiaketaren seigarren edizioa da, eta apustuari eusten diogu, ostalaritzarentzat onuragarria delako. Baina ez hori bakarrik; udalerriarentzat ere onuragarria da, bizia pizten baitu gure kaleetan. Meatzari Pintxoen lehiaketaren aurkezpena hemen, terraza honetan, egin nahi izan dugu, gure meategiari begira, Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parketik, sukaldariek geure historia hartu behar dutelako oinarri. Eta horretarako aukerarik onena, goitik ikustea da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenako tabernetako barrak arte gastronomikoaren galeria bihurtuko dira adierazitako bi asteburuetan, haien sorkuntzarik onenak erakusgai jarrita. Gainera, seigarren edizio honek nobedadeak ekarriko ditu: lehiaketaren egunetan, musika-animazioa egongo da establezimendu parte-hartzaileetan.

Bezeroek zapore berriak dastatu ahal izango dituzte, ardoa eta pintxoagatik 2 euro ordainduta (2,50 euro ardo ondua edo antzekoa bada).  Eta eskaintza zabaldu da: pintxoa eta Arlini bermuta 2,50 euroan. Arlini bermuta edizio honetako babeslea da. Hori dela eta, establezimendu parte-hartzaileei Arlini bermuteko 6 unitateko 2 kaxa emango zaizkie erabat doan, bai eta erakusgarri jartzeko Arlini bermuteko magnum botila bat ere, Meatzari Pintxoen VI. lehiaketaren etiketa pertsonalizatuekin.

Edizio honetan, lehiaketa sustatu nahi dugu, eta lehenbiziko aldiz, establezimenduak eta euren pintxoak aurkeztuko ditugu aldez aurretik. Horrez gain, promozio-bideo bat ere grabatuko dugu, ekitaldiaren berri emateko sare sozialen eta Udalaren ohiko kanalen bitartez, baita komunikabideetan ere.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko eta herritarrek establezimendu guztiak bisitatzeko, edizio honetan kartilla batzuk banatuko dira, lokalek zigiluak jartzeko kontsumizioa egin ondoren. Establezimendu parte-hartzaile guztien zigiluak lortzen dituztenei Arlini bermuteko botila bana oparituko zaie. Horrez gain, 50 €-ko sari bat zozkatuko da opari-txarteletan, ostalaritza-establezimendu parte-hartzaileetan erabiltzeko, establezimendu bakoitzean bozkatuz parte hartzen dutenen artean. Pintxoak lokalean erakusgai jarri beharko dira gutxienez 12:00etatik 14:00etara.

Gainera, edizio honetan, kaleko musika-animazioa egongo da lehiaketaren egunetan, eta establezimendu parte-hartzaileetan ere ibiliko da, giroa dinamizatzeko eta bezeroak animatzeko.

Hartu ahozapiak, ezpainak koipetzeko bi asteburu izango dira eta. Udalerriko 10 establezimenduk parte hartuko dute eta irabazleak bezeroek eta ospe handiko sukaldari batek hautatuko dituzte.

“Aurtengo edizioan, ostalariek bezeroen ahosabaia konkistatu behar dute, baina baita Gerardo Maza sukaldari eta gastronomoarena ere. Azken horrek askotariko argitalpenak eta liburuak egin ditu pintxoei buruz eta Cocina con Nervio izeneko blogaren sortzaile ere bada. Bi sari daude, herritarrek establezimenduetan egongo diren txartelen bidezko botoekin emandakoa, eta sari profesionala, Maza epaile izango duena. Bestek beste, pintxoen irudia, zaporea eta testura aintzat hartuko dira. Aurtengo saria oso mamitsua da: establezimendu irabazleari eta bere lehiaketako pintxoari buruzko publizitate-erreportajea egin eta eskualdeko komunikabide batean zabalduko da. Gure ustez, egindako lanari eta emandako zerbitzu onari buruzko publizitate horrekin udalerriko ostalaritza-sareari lagunduko zaio”, adierazi du Etxebarriak.

“Herritarrak eta bisitariak animatu nahi ditugu orijinaltasunez eta zaporez beteriko barrez gozatzera. Establezimendu parte-hartzaileek sardexka bat izango dute atean, hori baita lehiaketaren adierazlea. Dastatu guztion gustuko autore-pintxoak”, esan du, animatzeko, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ostalariak osagarriekin, formekin, etab. jolasean aritu dira, mokadu paregabeak sortzeko. “Edizio bakoitzean ehunka pertsona gerturatzen dira pintxoak dastatzera eta miniaturazko sukaldaritzaz gozatzera; meatzari-pintxo guztiak agor daitezela da gure asmoa. Beraz, gauza bakarra dago esateko: On egin”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.