Albisteak

 
Badatoz inauteriak Abanto Zierbenara; ostiral honetan, otsailaren 9an, hasiko dira El Minero etorbidetik Txikito pilotalekurainoko mozorro-desfilearekin. El Casal, Buenos Aires eta Etorkizuna Ikastola zentroetako 500 ikasle baino gehiago aterako dira desfilean. Gallarta Txikito pilotalekuan Diskotxiki dibertigarriaz gozatu ahal izango dute guztiek eta, ondoren, guraso-elkarteek txokolate-jan gozo-gozoa prestatuko dute.

“Ikasleen kalejira, goizeko hamaiketan, kolorez eta poztasunez betetriko desfilea izango da eta txikienek beraien mozorro eta pertsonaiak erakutsiko dituzte. Gurasoentzat oso polita izaten da, giro bikaina sortzen baita. Las Carreraseko frontoian izango da Askartza Isusiko ikasleen inauterietako jaialdia. Arratsaldean, Las Carrerasen izango da festa; seietan, Haritzalde plazan, txiki zein handiak dantzan ibiliko dira etengabe, berbenarekin. Zortzietan, Don Carnalek oraindik erritmoari eutsi nahi badio, Dantza Plaza egongo da Burutik Jota taldearen eskutik eta trikipoteoa egingo da Enarak Dantza Taldearen laguntzari esker. Baina euria egiten badu, ekintza horiek guztiak Las Carreraseko frontoian egingo dira", adierazi du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Abanto Zierbena inauterietako magiaz blai egingo da asteburu osoan; beraz, larunbatean, otsailaren 10ean, mozorroak erakutsi beharko dira kalean. Goizeko hamaiketan musika hasiko da, eta dantzek Gallartako kaleak hartuko dituzte, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldearen eskutik. Arratsaldean, bost eta erdietan, Gallartako inauterietako jaitsiera izango da. Marciano iturritik hasi eta Eusko Gudariak plazaraino, animatzen diren kuadrilla eta familia guztiek primeran pasatuko dute Batukadaren eta Abanto Musika Eskolako musikarien erritmoan. Epaileak jaitsieran arreta handia jarriko dute izena eman dutenen artean mozorrorik originalena hautatzeko. Gainera, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldeak meatzaldeko landa-meatze aratusteak aurkeztuko ditu, euskal tradizioko pertsonaiez betetako antzezlan bat.

Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeak sortu eta antzeztutako landa-meatze aratusteak 20 urte bete ditu. Antzezlan berezia da, sua eta kea protagonista dituena. Meatzaldeko zaporeko inauteriotan, kaleetan zehar ibiliko dira Bizkarbaltza, animalia-burua duen izaki beltz handia eta Artauntxoa, babeslea. Baina ez dira bakarrik ibiliko: bidelagun izango dituzte Beldarroia, Zangaluzea, sorginak eruen laztabinekin eta Hartza, artzainekin.

Eguna bukatzeko, Gallartako Txikito frontoian musika-jai paregabea izango da; lehenago, ordea, mozorro-lehiaketa eta sari-banaketa egingo dira, eta txikorgien lehiaketa ere jokatuko da. Horrekin guztiarekin batera, Gallartako Emakumeen Kultur Elkarteak txokolate jan goxo-goxoa prestatuko du.

Aldi berean, Las Carrerasen, sei eta erdietan, karaokea eta dantzaldia izango dira pilotalekuan, Raspuren eskutik. Handik gutxira, txikorgien eta eskuz egindako mozorroen hamaikagarren lehiaketa hasiko da, Laskabailak antolaturik. Parte-hartzaile guztiek desfilea egingo dute eta, gero, mozorrorik bitxienak sarituko dira.

“Desfilea zazpi eta erdietan izango da, eta Gure Mendi Zaharrak elkarteak banatuko ditu sariak. Herritar guztiei dei egiten diegu parte hartzera eta inauteriez gozatzera, udalerritik atera gabe. Abanto Zierbenak primerako inauteriak ospatuko ditu”, adierazi du Etxebarriak.

Eta, hurrengo asteburuan, soilik aste bat geroago, Sanfuentesera helduko dira inauteriak. Larunbatean, otsailaren 17an, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldeak Kalejira egingo du goizeko hamaiketan. Eguerdiko hamabietatik ordu bietara arte, haurrentzako tailerrak egingo dira SANJAIBA elkartearen lokalean. Arratsaldeko seietan, festarekin jarraitzeko, mozorroen jaitsiera egingo da Santa Luziatik Pilar Abin plazaraino. Publikoak Herrizaleak taldeko txistuen soinuaz eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearen landa-meatze aratustea gozatuko du. Gero, Diskofesta antolatuko da pilotalekuan, eta txokolatea eta txigorkiak banatuko zaizkie bertaratzen direnei.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu SANJAIBAri, Las Carreraseko Jai Batzordeari, Gallartako Emakumeen Elkarteari, Abantoko Musika Eskolari, Abanto Beti Sahararekin taldeari, Enarak Dantza Taldeari eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeari, inauteri hauek tradizio handikoak egiteagatik. Inauteri bikainak dauzkagu eta zuei esker da”, esan du Etxebarriak.

Abanto Zierbenak inauteriak gozatzen ditu

 

Kartela ikusi (PDF 598KB)