Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udala eta udalerriko boluntario gazteak busti egingo dira datorren uztailaren 8an, igandean, esklerosi anizkoitzaren alde. Meatzaldeko herria Mójate - Busti zaitez kanpaina ezagunean sartu da. Esklerosi anizkoitza dutenekiko elkartasun eta sentsibilizazio-ekintza bat da, eta duela 21 urtetik baino gehiagotik egiten da 80 euskal udalerritan.

Euskadiko igerilekuak eta hondartzak dira esklerosi anizkoitzaren aldeko ekintza honi ikusgarritasuna emateko agertokiak, eta Abanto Zierbenan, berriki estreinatutako Txipli Txapla ur-parkea izango da elkartasunez bustitzeko tokia.

“Igande honetan, uztailaren 8an, 12:00etan, nahi duen oro busti ahal izango da Abanto Zierbenako udal-igerilekuetan esklerosi anizkoitzaren alde, eta, hala, babesa erakutsi ahal izango dio kausa honi. Sentsibilizatu egin nahi dugu, eta Euskadin 2.200 pertsonari eta Estatu osoan 47.000ri eragiten dion gaixotasun hau ezagutarazi. “Busti zaitez” produktuak ere egongo dira ikusgai. Haiek salduta, diru-sarrera handiak lortzen dira, ikerketarako eta zentroek errehabilitazio integrala eman ahal izateko esklerosi anizkoitza dutenei eta beren familiei. Horregatik, Busti Zaitez-en merchandising hori erosten duten guztientzat instalazioetarako sarrera doan izango da, eta Udalak hartuko du bere gain gastu hori”, jakinarazi du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Busti Zaitez-en materiala kanpainaren funtsezko zatia da, irudiagatik eta ekartzen dituen diru-sarrera handiengatik. Kukuxumusu hasi zen elkartasunez laguntzen, eta, egun, Katuki Saguyaki da publizitate-irudia diseinatzen duena.

“Kausari laguntzen dietenentzat igerilekuetarako sarrera doakoa izatea gure ekarpen txikia da, udalerri moduan, esklerosi anizkoitza dutenak babesteko borroka honetan. Kanpaina hau Abanto Zierbenako gazteek eta atxikitako saltokiek egindako elkartasun-ekintzaren parte da. Haiek, agendak salduz eta elkartasun-merkatuak antolatuz, 2.000 € lortu zituzten Bizkaiko esklerosi anizkoitzak eragindakoen elkartearentzat (ADEMBI). Abanto Zierbenako herritar guztiak gonbidatzen ditugu igande honetan bustitzera, eta Euskadi osoa elkartasuna erakustera”, jakinarazi du Etxebarriak.