Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalaren asmoa da bizilagun guztiek, gazteenetik zaharrenera, aisialdiaz beren ingurunean gozatzea, joan-etorririk egin gabe, Abanto Zierbenako bizi-kalitatea eta pertsonen ongizatea hobetze aldera. Horretarako, aurten ere denentzako moduko jarduerak jarri ditu abian, eta horretarako, 23.000 euro inbertituko ditu.

2018an, hirugarren urtez, udalerriko adinekoek dantzagarriez doan gozatu ahal izango dute; izan ere, Udalak % 100 lagunduko du diruz jarduera hori. Horretarako, Abanto Zierbenako Udalak 5.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du.

Hilabete bakoitzaren lehenengo larunbatean, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, dantzagarriak eskainiko dira Las Carreraseko Erretiratu, Alargun eta Pentsiodunen Elkartean. Hilabete bakoitzaren bigarren larunbatean, arratsaldeko zazpietatik gaueko bederatzietara, dantzan jarraituko dugu Sanfuenteseko Erretiratu, Alargun eta Pentsiodunen Elkartean. Eta hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean, arratsaldeko lauretatik seietara, dantzatu nahi duenak Gallartako Erretiratu, Alargun eta Pentsiodunen Elkartean izango du horretarako aukera.

"Iaz, larunbat bakoitzean saioko 30 pertsonak hartu zuten parte batez beste; ekimen honetara dantzari gehiago batzea nahi dugu, eta goza dezaten, Abanto Zierbenak erritmo handia baitu", adierazi du Etxebarriak.

Erlaxazioa heldu eta nagusientzat

2018an erlaxazio fisiko eta mentalerako teknikak itzuliko dira. Jarduera helduei zuzentzen zaie eta Udalak diruz laguntzen du osorik. Hamabost urte baino gehiago daramatzagu jarduera hori eskaintzen eta oso balorazio altuak jasotzen ditu parte hartzen duten herritarren eskutik. Aurten, 13.500 euroko aurrekontua bideratu da horretarako. Jarduera udalerriko nagusien hiru elkarteetan egiten da, astean bi egunetan. Saio bakoitzak ordubete irauten du.

“Jarduera horretan jende askok parte hartzen du. Guztira, Gallarta, Las Carreras eta Sanfuenteseko elkarteen artean 90 pertsona baino gehiagok ematen dute izena. Erlaxazio-praktikak askotarikoak dira. Ikastarorako, praktikoak eta arruntak direlako erraz erabili daitezkeenak eta onura handia dakartenak aukeratu dira.

Era berean, memoria entrenatzeko eta hobetzeko saioak eskaintzen dira. Horrek garrantzi berezia du; izan ere, nagusitzen garen heinean, memoriak huts egiten du, eta horregatik entrenatu behar dugu. Gure nagusiei zerbitzu eta jarduera onenak eskaintzeko lan egiten dugu, hirugarren adina lasaitasun, ongizate eta lan eta sakrifizioz betetako bizitza batengatik merezi duten atseden eta ordainaren sinonimoa izan dadin. Guztiaz eta guztiez gozatzeko unea iritsi zaie", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

Larunbat Alai

Bosgarren urtez jarraian, Abanto Zierbenako Udalak Larunbat Alai ekimena abiarazi du. Aisialdi eta denbora libreko ekimen hori udalerriko txikienei zuzentzen zaie eta 5.000 euroko inbertsioa egin da gauzatu ahal izateko.

Larunbat Alai programari esker, Abanto Zierbenako familiek aukera dute asteburuetan modu dibertigarri eta didaktikoan elkarrekin gozatzeko eta, are hobeto, udalerritik irteteko beharrik gabe. Udaleko Euskara eta Hezkuntza sailek aurten ere aisialdirako proposamen honen urteko kanpaina martxan jarri dute; kanpaina horren bitartez, hainbat ikuskizun egingo dira udalerriko auzoetan.

Larunbat Alai adingabeak dituzten familiei zuzenduriko aisialdi eta denbora libreko programa bat da. Programak helburu bikoitza du: alde batetik, ondo pasatu bitartean euskararen erabilera sustatzea eta, bestetik, Abanto Zierbenako kultura-eskaintza hobetzea. “Urte hauetan, guztira, 28 jarduera egin dira udalerriko hiru auzo nagusietan: Gallartan, ekitaldi-aretoan; Las Carrerasen, Montaño aretoan; eta Sanfuentesen, eskola zaharretan. Jarduera horiek askotarikoak dira: antzerkiak, txotxongiloak, pailazoak, magoak… Proiektuak gero eta harrera hobea du 2-10 urte arteko seme-alabak dituzten familien artean; izan ere, 50 pertsona inguru etortzen dira. Familian egiteko plan bikaina da”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Formatu txikiko ikuskizunak dira, eta helburua da Gallarta, Sanfuentes eta Las Carreras auzoetaraino eramatea merkatuan dauden eskaintza berrienak. Otsaileko, martxoko, apirileko, urriko eta azaroko azken larunbatetan, arratsaldeko seietan, Abantoko familiek hitzordua dute dibertsiorekin eta artearekin. Familian emateko kalitatezko tartea da, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana sendotzeko.

Larunbaten honetan, otsailaren 24an, “Monda ta Lironda” pailazo-ikuskizuna egingo da Las Carreraseko Montaño aretoan.

Martxoko azken larunbatean (hilaren 24an), “Ordu Magikoak” magia-ikuskizuna eskainiko da Gallartan. Eta apirilaren 28an, “Xalto eta Xuplente” pailazo-ikuskizunaz gozatu ahalko dugu Sanfuentesen.

Udan geldialdi txikia egingo dugu, baina ondoren, Larunbat Alai programarekin jarraituko dugu. Urrian, txotxongiloen ikuskizuna egongo da Gallartan, eta azaroan, animazio itzela Las Carrerasen.