Albisteak

 

Aurten, Tokiko Garapenerako Agentziak ekintzaile abantoarren 13 eskaera aurkeztu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak enpresak martxan jarri eta sortzeko ematen dituen laguntzen deialdira.

“Ez da Tokiko Garapenerako Agentziak laguntza hauek bideratzen dituen lehen aldia; badira lau urte izapideetarako laguntza ematen hasi ginenetik. 2014az geroztik, foru-erakundeak enpresak sortzeko ematen dituen laguntzetako 49 kudeatu ditugu, eta 28 onartu dizkigute. Orain, eskaera berri hauek esleitzeko zain gaude”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Laguntza horien bidez, enpresa bat martxan hasi eta lehenengo urtean sortzen diren gastuak ordain daitezke. Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden enpresek eskura ditzakete laguntzak, haien nortasun juridikoa edozein dela ere, enpresaburu indibidualak eta profesionalak, osasun-erkidegoak eta sozietate zibilak barne.“Eskakizun jakin batzuk bete behar dituzte eskaerak aurkeztu ahal izateko; esaterako, egoitza soziala eta fiskala Bizkaian izan behar dute, baita lantokia ere, bertan bizi behar dute, eta enpresa berria martxan jarri aurretik langabezian egon izana frogatu behar dute. Erakunde bakoitzak 5.000 euro eskura ditzake laguntzen bidez. Eskaera egiteaz gain, agentziak laguntza bakoitza justifikatzen du enpresak jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman eta urtebetera. Gure herritar ekintzaileak egiten duen urrats burokratiko bakoitzaren atzean Tokiko Garapenerako Agentzia dago, babes-sare gisa. Gure ekintzaile ausartek aholkularitza egokia jaso behar dute eta baliabide guztiei etekina atera behar diete, eta horregatik laguntzen diegu hasieratik bukaerara arte”, esan du Etxebarriak.

Gainera, laguntza eskatu ahal izateko, ekintzaileek Enpresak Sortzeko Ikastaro bat egin behar dute; Abanto Zierbenako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erabat finantzatzen dute prestakuntza, eta urtean 2 ikastaro antolatzen dira (martxoan eta abenduan). Tokiko Garapenerako Agentziak laguntzen die ekintzaileei, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak homologatuta baitago lan hori egiteko.

“2018an 5.000 euroko laguntza emango da, bi ordainketatan; lehen zatia, 3.500 euro, laguntza emandakoan ordainduko da, eta bigarrena, 1.500 euro, enpresak jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman eta urtebetera justifikazioa aurkeztutakoan. Agentziak laguntza garrantzitsu hori ematen die negozio baten buruan jartzen diren guztiei”, esan du Etxeberriak, azkenik.