Albisteak

 
Gallartan igogailu berria instalatzeko lanak hasi dira; hortaz, 2018. urte honetan egi bihurtuko da. Obrak 6 hilabete iraungo du, eta, horren bidez, Blasco Ibañez pasealekua eta El Minero etorbidea lotuko dira, herritarrak erosoago ibil daitezen.

“Igogailuaren bitartez, Gallartako eta Abanto Zierbenako herritarren irisgarritasuna hobetuko da; izan ere, zuzenean eta oztoporik gabe lotuko dira Blasco Ibañez pasealekua eta El Minero etorbidea. Honen bidez herritarren eskaerei erantzuna eman nahi diegu. Igogailu berriak auzoen arteko, eta batez ere, pertsonen arteko konexioa gerturatu eta erraztuko du. Eta horrez gain, zerbitzuak eta negozioak ere hurbilduko dira, erosoago”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbena udalerri irisgarriagoa bihurtzeko lanean ari da eta horretarako Irisgarritasun Plan berritua jarri du mahaiaren gainean. Plan horren barneko jarduketa garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere, igogailu bertikal hori instalatzea da. Obraren beraren bidez pasabide berria eraikiko da El Minero etorbideko 1 eta 3 zenbakien artean, Blasco Ibañez pasealekuaren eta El Minero etorbidearen artean (azken hori udalerriko kale nagusietako bat da) herritarren mugikortasuna hobetzeko.

Gaur egun, Blasco Ibañez pasealekua eta El Minero etorbidea lotzen dituzten hainbat puntu daude, baina guztietan daude eskailerak; eta beraz, ez dago ibilbide irisgarririk mugikortasun urriko pertsonentzat. Leku batetik bestera eskailerarik erabili gabe joateko bidea askoz luzeagoa da; izan ere, Blasco Ibañez kalea eta parkea inguratu behar dira.

Horrenbestez, igogailu panoramiko bat instalatuko da, 8,91 metroko malda hori gainditzeko. Azpiegitura berri hori herritar guztiek erabili ahal izango dute, bai mugikortasun urrikoek, bai gainerakoek; eta adineko pertsonentzat eta haurdunentzat ere oso erabilgarria izango da.

Lanek 6 hilabete iraungo dute, eta tarte hori aprobetxatuko da, halaber, eremua berrurbanizatzeko eta obrak kaltetutako eremuetan landareak sartzeko. Proiektu garrantzitsu hori gauzatzeko 265.000 euroko inbertsioa egingo da.

Oztoporik gabeko Abanto Zierbena baten alde.