Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu udalerriko landa-eremuetan bizi diren 65 urtetik gorakoen beharrak. Horretarako, azterketa bat jarri du abian, Abanto Zierbenako landa-eremuetan bizi diren herritarren errealitatea aztertu eta ezagutzeko. Ikerketa iaz hasi zen eta 2018ko maiatzean bukatu da.

“Ahotsa eta aurpegia jarri diegu landa-eremuan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonei; izan ere, haien adina eta bizilekua ikusita, arrisku handiago dute desberdinkeria- eta kalteberatasun-egoeran egoteko. Erradiografia bat egin dugu, diagnostiko eta tratamendu egokia eskaintzeko, herritar multzo horren behar eta eskariei erantzunez. Azterketa AbantoLan udal enplegu-programaren bidez kontratatutako gizarte-hezitzaile batek egin du”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Azterketa sakon horren hasierako fasean askotariko datuak eta herritarren esperientziak bildu dira, eta bigarrenean datuok garatu eta testuinguru horretan sakondu da, deien, gutunen eta bisiten bidez.

Galdetegi bat bidali zaie azterketan parte hartu duten 130 pertsonei, posta arrunt bidez. Horrez gain, telefono bidez harremanetan jarri gara herritarren % 15ekin (20 pertsona) eta herritarren % 5en etxeetara bertaratu gara (7 pertsona). Funtsezkoa zen lortutako datuen fidagarritasuna eta balioa bermatzea. Horretarako, inkesten % 75en erantzunak lortu behar genituen gutxienez (98 pertsona).

Herriguneetatik urrundutako lekuetan zahartzeak berekin dakartza, askotan, irisgarritasun-zailtasunak, bakardadea, segurtasunik eza, etab. Azterketa honen bidez, Meatzaldeko herri honetako udalak landa-eremuetako gabezia horiek zehaztu nahi ditu, eta etorkizunean gauzatzeko jarduketak planifikatu, urrundutako auzoetan bizi diren adinekoen zailtasunak arintzeko.

Abanto Zierbena udalerri zabala eta anitza da, eta 16 landa-auzo ditu: La Balastera, El Campillo, Castaños, Murrieta, Cotorrio, etab.

Landa-eremuetan guztira 594 pertsona bizi dira; horietatik, 306 gizonak dira (landa-biztanleen % 52) eta 288 emakumeak (% 48).

Datu horietatik abiatuta, landa-biztanleriaren beste alderdi batzuk aztertu dira. Hasteko, hauek dira biztanle gehien dituzten auzoak: Cotorrio (150 pertsona), La Balastera (79 pertsona) eta Triano (51 pertsona). Aldiz, oso jende gutxi bizi da auzo hauetan: Las Cortes (6 pertsona), La Barga (6 pertsona) eta El Manzanal (8 pertsona). Horrez gain, landa-eremuetako 130 biztanle 65 urtetik gorakoak dira (65 emakume eta 65 gizon).

“Horregatik, oso garrantzitsuak dira zahartze aktiboa bezalako neurriak. Herritarrek jakinarazi digute beren kezka nagusietako bat mugikortasuna dela, beren auzoetatik herrigunerako mugikortasuna, alegia. Hortaz, garraio publikorako irisgarritasuna lantzen ari gara.  Eskaeren artean argiztapen egokia ere badago. Gainera, landa-auzoetako adinekoez ari garenean, bakardadea ere mehatxu handia da. Gure herritar guztientzako ahalik eta ongizate handiena lortu nahi dugu eta, diagnostiko on bat eginda, erraza izango da jarduketa benetako eta eraginkorrak mahai gainean jartzea”, esan du amaitzeko Etxebarriak.