Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak herriko kirol-ekipamenduak zaintzeko eta hobetzeko lan egiten du, eta, orain, Gallartako Txikito pilotalekuko edaritegia oso-osorik berrituko du.

“Sukaldea eta barraren eremua hondatuta daude denboraren poderioz; garbi dago erreforma integrala behar dela, eta horixe egingo dugu. Horrela, aisialdirako gune berri bat sortu eta Txikito frontoia biziberrituko dugu, udal-ekitaldi ugari eta kirol-jarduera asko hartzen dituen azpiegitura bat baita”, nabarmendu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxeberriak.

Altzariak eta aparatu elektrikoak aldatzen, ur- eta argindar-hargune berriak jartzen eta beste zenbait lan egiten hasi dira. Dena dela, hobekuntza garrantzitsuena, beharbada, edaritegia pertsiana-sistema baten bidez ixteko erreforma da: elektrikoki abiarazten diren pertsianen bidez ixteko sistema bat izango du barrak, gaur egungo atearen ordez. Horri esker, taberna ez da une oro kirol-jarduerari lotuta egongo nahitaez.

Itxitura horrek segurtasun handiagoa eta kudeatzeko askatasun handiagoa emango dio establezimenduari. Azken hiru urte hauetan, lan handiak egiten ari gara Txikito frontoian, Gallarta Pelotazale elkartearen eskariei erantzunez, elkarte horrek erabiltzen baitu instalazioa sarrien. Iaz, kasurako, kantxa berritu eta pintatu eta sare berriak jarri genituen, eta orain edaritegiaren itxura berritzea dagokigu. Horrez gain, kanpoko fatxadako obrak bukatu, aldagelak berritu eta sabaia konponduko dugu aurki. 25.000 euro kostatuko da edaritegia sasoian jartzea”, adierazi du Etxebarriak.

Lan horiekin batera, Udala pausoak ematen ari da Txikito pilotalekuko edaritegiaren erreformaren kudeaketa Gallarta Pelotazale elkartearen esku uzteko. Elkarte hori, izan ere, herriko kolektibo garrantzitsu bat da: 40 urtetik gorako ibilbidea du, eta Abanto Zierbenako 200 bazkide eta 60 haur pilotari baino gehiago biltzen ditu gaur egun; giro bikaina transmititzen du, eta Gallarta pilotalekua gozatu eta ondo erabiltzen du.