Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak abian jarri du berriro ere, 2018an, Abanto Lan proiektua, Lanbiderekin elkarlanean. Enplegua sortzeko programa honetan, oraingoan, 26 lanpostu berri izango dira, langabezian dauden udalerriko herritarrentzat.

Laguntza anitzeko 8 peoi eta taldeko buru bat kontratatuko dira, udal-ondarearen mantentze-lanez eta birgaitzeaz ardura daitezen. Lanaldiak lanpostu bakoitzaren araberakoak izango dira: peoiek astean 20 ordu izango dituzte, eta arduradunak lanaldi osoa izango du. Kontratazio hauekin, Abanto Lanen bigarren fasea jarriko da martxan.

Langabeentzako  eta herrian bertoko enplegua sortzeko proiektu honetan, hautatuen % 30ek DSBEren titularrak izan behar dute, eta % 40k, emakumeak.

“Konfiantza dugu enplegu-plan honetan. 2016an, 37 herritar langabek aukera izan zuten udalerrian bertan lan egiteko. 2017-2018an, kontratazio luzeagoak egiten ari gara (urte erdiko kontratua), eta denera, 26 onuradun izango dira”, azaldu du Maite Etxeberriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Apirilaren 27a da interesdunek Tokiko Garapen Agentzian izena emateko duten azken eguna.
Abanto Lanek 223.000 euro baino gehiagoko aurrekontua du. Lanbidek lehenengo fasea finantzatuko du, 141.000 eurorekin; Udalak, berriz, bigarren fasearen zenbateko osoa hartuko du bere gain, 82.000 euro baino gehiagorekin; horri esker, 9 lanpostu berri sortuko dira.
“Udala herrian enplegua sortzen ahaleginduko da aurrerantzean ere, eta horretan inbertituko du, udalerriko langabeei laguntzeko, horrela idatziko baitugu gure herriaren etorkizuna”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.