Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren laguntzaz, udalerrian enplegua sortzen jarraitzen du, “Abanto Lan” proiektuari esker. Enplegua sortzeko programa azaroan abiaraziko da, eta udalerriko langabeentzako 18  kontratazio berri aterako ditu.

“Udal-kutxetako 87.000 euro baino gehiago bideratu dira programa honetara, lanpostu berriak modu zuzenean sortzeko helburuarekin, eta udalerriko langabetuek urte erdiko lan-kontratuak lortu ahal izateko. Langabezian dauden herritarrentzako 29 lanpostu berri eskainiko ditugu 2018-2019an”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Lan bi fasetan egingo da. Lehenbizikoa 2018ko azaroan hasiko da, eta 18 kontratu egingo dira. Bigarrena, 2019ko maiatzean abiaraziko dugu, eta 11 lanpostu aterako dira.

“Programa honen bidez, kontratatutako herritarrak udalerriko beharra duten eraikinak eta espazio publikoak mantentzeaz arduratuko dira, 6 hilabeteko kontratuekin. Kasu honetan, Abanto Lanen bigarren fasea udako hilabeteetarako antolatu da. Garai horretan behar espezifikoagoak artatuko dituzte, hala nola jaiak eta udalerriko ikastetxeetan egin beharreko mantentze-lanak; izan ere, udako oporrak direla eta, ikasgelak hutsik egongo dira", adierazi du Etxebarriak.

Lehenengo fasean, jarduera anitzetarako 6 peoi eta 2 taldeburu kontratatuko dira, udal-ondarea mantentzeko eta zaharberritzeko lanaz arduratzeko. Lanaldiak astean 20 ordukoak izango dira; bi talde egingo ditugu lanaldi osoa estaltzeko.

“Halaber, 8 hiri-agente kontratatuko ditugu. Kasu honetan, emakumeak izango dira, programa jakin hau haiei bakarrik zuzentzen baitzaie. Izan ere, emakumezkoen langabezia-tasa gizonena baino altuagoa da, eta honekin emakumeen lana sustatu nahi dugu. Beste udal batzuek ere beren udalerrietan hiri-agenteak jartzeko aukera aztertzen ari dira, emakumeak protagonista izanik. Abanto Lanen bigarren fasean ere 5 hiri-agente egongo dira. Horrez gain, edizio honetan, lanpostu berri bat gehituko dugu, zehazki lan-orientatzailearena. Pertsona hori langabeen datu-baseak hobetu eta eguneratzeaz arduratuko da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkateak.

Lana sortzeko proiektu  handi hau lanik gabeko herritarrentzat da, udalerritik irten beharrik gabe. Hautatuen % 30ak DSBE jaso beharko du, eta % 40a emakumezkoek osatuko dute.

“2016an, 37 herritarrek izan zuten udalerrian bertan lan egiteko aukera, hiru hilabeteko kontratuekin. 2017-2018an, kontratazio gutxiago egin ziren (zehazki , 26), baina horien iraupena luzeagoa izan zen (urte erdiko kontratuak). 2018-2019 aldirako, 29 kontratazio egingo dira guztira”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Lanentzako aurrekontua 220.000 eurotik gorakoa da. Lanbidek lehenengo fasea finantzatuko du, 141.000 eurorekin. Eta Udalak bigarrena ordainduko du osorik, 87.000 eurokotik gorako zenbatekoarekin.

“Udalak tokiko enplegua sortzeko inbertsioak egiten jarraitzen du, udalerriko langabetuen kolektiboa babesteko helburuarekin. Hala, langabezia-tasak beherantz egiten jarraitzen du. Aurten % 14,2an dago, aurreko urtean baino puntu bat beherago (aurreko urteko tasa % 15,2koa zen). Aurten 705 langabe ditugu, eta aurreko urtean 746 ziren. Ia-ia duela 10 urteko zifretara itzuli gara, baina horretarako enplegua sortzen jarraitu behar dugu. Eta hori da egiten ari garena, prestakuntzaren bidez, enpresekin lan-bitartekaritza egiten, kontrataziorako eta ekintzailetzarako laguntzak emanez, etab.” esan du, amaitzeko, Etxebarriak.