Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren laguntzarekin, “Abanto Lan” proiektuarekin aurrera jarraitzen du. Berriro jarri dute martxan enplegua sortzeko programa hori. Oraingo honetan 17 lanpostu bete nahi dira, udalerriko langabeekin.

Lehenengo fase honetan, laguntza anitzeko 8 peoi kontratatu dira, udal-ondarearen mantentze-lanez eta birgaitzeaz arduratzeko. Horrez gain, laguntza anitzeko peoien taldea zuzentzeko arduradun bat ere badago. Abanto Zierbenako Udalak, halaber, gertuko 6 agente zibiko kontratatu ditu, bai eta agente zibikoen talderako buru bat ere. Gogoan izan behar da programa hori soilik emakumeei zuzentzen zaiela.

“Gaur, gurekin daude Abanto Zierbenako 17 bizilagun horiek, argi uzteko zifren atzean pertsonak daudela beti. Askok haurrak dituzte, ez dute diru-sarrerarik, laguntzak agortu dituzte, eta, beraz, sei hilabetean lan egiteak arnasa hartzeko aukera ematen die, eta eurentzat eta familientzat borrokan jarraitzeko beharrezko euskarria da. Gainera, lan horrekin etorkizuneko beste lan batzuk lor ditzakete; programa hau euren lan-bizitza (baita bizitza pertsonala ere) bultzatzeko aukera da. Horixe bera da tokiko enplegu-plan honen xede nagusia, adinagatik, krisiagatik eta abar lan-merkatuan sartzeko zailtasun berezia duten herritar langabeei zuzenean laguntzea”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Urte erdian lana bermatuta izatea alde handia da herritar horientzat. Gallartako M.S.-ren kasuan, programak erretirora lasaitasunez hurbiltzeko aukera eskaintzen dio. 62 urte eta 5 seme-alaba ditu; obra-arduraduna izan zen, krisiak bere lanpostua suntsitu zuen arte. Eraikuntzaren sektorean 30 urte baino gehiagoko eskarmentua zuen, eta, hala ere, ateak bat-batean itxi zitzaizkion.

“Adin honekin ez dizute aukerarik ematen. Zure lan-eskaerari begiratu eta unean bertan baztertzen dute; ez dizute lan-merkatuarekin berriro bat egiteko aukerarik ematen.  5 seme-alaba ditugu, eta une honetan nire emazteak egiten du lan bakarrik; hori da gure egoera. Laneko 6 hilabete hauek ezinbestekoak dira gure etxean. Poztasun eta lasaitasun handia ekartzen dute”, aitortu du Salcedok, peoien taldeko arduradunak.

Era berean, Gizarte Ekintzako teknikari bat hasi da lanean. Pertsona horrek gizarte eta esku-hartze komunitarioko diagnosia egingo du; hau da, Abanto Zierbenako emakume alargunen gizarte-beharrei buruzko azterlana egingo du. Gainera, udalerriko landa-eremuen gizarte-diagnosia ere egingo du.

“35 urtetik beherako herritarra da, eta honen bidez, bere karrera garatzeko aukera eman nahi diogu. Langile gazteen aldeko apustu irmoa dugu, baina bereziki, 55 urtetik gorako herritarrei eman nahi diegu laguntza; izan ere, badakigu zailtasun handia dutela lan-merkatuan sartzeko. Tristea da, baina errealitatearen isla ere bai; adinak puntuak kentzen ditu, eta hori ez litzateke gertatu behar. Izan ere, urteak gehitzeak esperientzia gehitzea ekartzen du. Hori dela eta, gure babes osoa dute”, adierazi du Etxebarriak.

Langabeei zuzendutako eta herrian bertoko enplegua sortzeko proiektu honetan, hautatuen % 30ek DSBEren titularrak izan behar dute, eta % 40ek, emakumeak. Meatzaldeko Udalak eta Lanbidek emakume langabeen kolektiboa nabarmendu nahi dute; izan ere, horien langabezia-tasa gizonena baino handiagoa da gure udalerrian (% 17 eta % 13).

Abanto Lanek 220.000 euro baino gehiagoko aurrekontua du. Lanbidek lehenengo fasearen egikaritzea finantzatuko du, 141.000 eurorekin; Udalak, berriz, bigarren fasearen zenbateko osoa hartuko du beregain, 82.000 euro baino gehiagorekin; horri esker, 9 lanpostu berri sortuko dira.

Aurreko urtearekiko aurrekontua handitu da, Udalak enplegu-plan honetan konfiantza osoa baitu. Aurreko urtean 37 herritar langabek aukera izan zuten udalerrian bertan lan egiteko. Abanto Laneko bigarren fasea 2018ko apirilean abiaraziko da, eta fase horretan 9 kontratu egingo dira.

“Udalak tokiko enplegu-ekimenak lantzen jarraituko du; izan ere, horiek eragin oso positiboa dute herritarren bizitzetan, oso argia da hori", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.