Albisteak

 
Karateko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Abanto Zierbenako Udalarekin lankidetzan, Karateko zazpigarren Presidente Lehiaketa antolatu du.

Abanto Zierbena izango da udalerri anfitrioia eta erkidegoen arteko txapelketa hori Gallartako Txikito pilotalekuan egingo da, azaroaren 12an, igandean, goizeko 10:00etan.

“Gure pilotalekuko ateak ireki nahi izan dizkiegu karateka horiei, euren kirola babesteko eta bertaratzen direnen artean karatea ezagutarazteko", azaldu du Kiroletako zinegotzi Eduardo Menak.

150 karateka baino gehiago bilduko dira euren gaitasunak erakusteko; bi modalitate egongo dira: Kata eta Kumite. Kata modalitatean, kirolariek alegiazko zenbait aurkakori egiten diote aurre, eta arbitroak euren teknika baloratzen du. Kumite modalitatea, berriz, arbitroak araututako borrokaldia da eta ukabil eta hankazko teknikak puntuatzen dira.

7. edizioa ospatzen duen txapelketa honetan 4 kategoria egongo dira: kadeteak, juniorrak, sub 21 eta seniorrak. Hortaz, 14 urtetik gorako gazteek parte hartuko dute.

“Karateko Lehiaketa Ofiziala da, eta bertan, Errioxa, Nafarroa, Aragoi, Kantabria, Asturias, Araba eta Gipuzkoako kirolariak lehian arituko dira. Aurreko urtean Kantabriako Federazioak irabazi zuen; aurten, guk irabazteko ahalegina egingo dugu", adierazi du Karateko Bizkaiko Federazioko presidente Andoni Lópezek.

“Karateko lehiaketa oso garrantzitsua da eta gure udalerrian jokatuko da; oso pozik gaude. Konpromiso handia dugu euskal kirolarekiko. Aurreko asteburuan ere beste kirol-proba bat egin genuen udalerrian: Burdinmendi Bide Berdeko Megaduatloia; arrakasta handia izan zuen. Igande hau ere kirolaren jaiegun bihurtu nahi dugu. Gure asmoa da herritarrek eta bisitariek lehiaketaz eta gure udalerriko xarmaz goza dezaten”, esan du, amaitzeko, Kiroletako zinegotziak.