Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udala Gerente putzuko ingurune eder eta paregabea aprobetxatzeko beste modu baten bila zebilen, eta azkenean aurkitu du, udalerriko herritarren laguntzari esker. 40 abantoarrek baino gehiagok proposamenak egin zituzten iaz, eta, orain, Udalak 35 jarduketako ekintza-plan bat jarri du abian ingurune natural hori biziberritzeko eta udalerriko herritar guztientzako leku bihurtzeko.

“Aurten, Gerente putzua herritarrentzako topagune eta aisialdirako leku bihurtuko dugu. Garrantzitsuena gune horren degradazioa geldiaraztea da; horretarako, lan txikiak egingo ditugu 2018an. Lan horietarako, 15.000 euroko diru-laguntza eman digu Eusko Jaurlaritzak. Putzuaren erriberako bi eremutan landaredia kenduko dugu, putzuaren inguruko bidea ikusi ahal izateko. Landare inbaditzaileak kenduko ditugu leku ikusgarrienetatik. Putzu txikiari dagokionez, berriz, eremu hori eraldatu eta zaindu egingo dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Eremu horretako ahulgune eta indarguneak aztertu ondoren, eta inguru natural hori biziberritzeko eta erabiltzeko diagnostikoa egin eta gero, lanari ekiteko ordua iritsi da. Gerente putzuak, zeina garai batean kanpoko meatzea izan baitzen, etorkizuna du orain: herritarren bizitzaren parte izatea. Meatzaritza-putzu handi eta sakon honek Cotorrio ibaiaren ura jasotzen du, eta landarez inguratuta dago; gainera, putzuaren erdian arrokazko uharte bat dago. Hala, paisaia natural paregabea eskaintzen digu putzuak, eta, orain, herritar guztientzako eskuragarri eta baliagarri jarriko da.

Ingurunean dagoen meatzaritza-ondarea (besteak beste, labeak eta mea kargatzeko habeak) zehazten duen dokumentu bat egin da. Zehazki, 22 meatzaritza-elementu detektatu dira La Lorenza meatze-barrutian, eta 4 Mina José meatzean. Dokumentu horretan jaso dira, halaber, eremuan aurkitutako azaleratze geologikoak: failak, ebakidurak, kareharrizko azaleratze bat, lapiaz bat eta La Gitana kobazuloa, besteak beste. Horrez gain, karstifikatze-prozesuak ere hauteman daitezke argi eta garbi. Gerente putzuak, kultura-balio handia ez ezik, ingurumen-balio handia ere badu, ibaiertzeko landarediari esker; haltzadi kantauriar gazte bat da nagusi, banda trinko eta ondo egituratu bat osatzen duena. Eremu txiki batean lurzorua bustita dago, eta haltzadi zingiratsu baten itxura hartzen du.

Ekintza-planaren barruan, honako lan hauek egingo dira: antzinako meatzaritza-instalazioak garbitu eta finkatu, flora- eta fauna-espezie inbaditzaileak desagerrarazi eta, azkenik, mantentze-lan orokorrak egin, zaborra eta eremua hondatzen duten beste elementu batzuk desagerrarazteko. Horrez gain, interesguneetako sastrakak kenduko dira eta mantentze-lanak egingo dira eremu horietan, baita paisaia ordenatzeko jarduketak ere.

“Paisaia orekatua izatea nahi dugu, meatzaritzako iragana duen ingurune natural horrek distira egitea, bizia berreskuratzea eta herritar guztiak erakartzea. Ekintza-plan honen asmoa da espazio hori babestea, eta, beraz, ibilgailuen sarrera ere arautuko da. Putzuaren inguruan ibilbide zirkular bat osatzeko igarobide batzuk lehengoratzeko lanean ari gara”, adierazi du Etxebarriak.

Datozen hiletan, eginkizun garrantzitsu hauek gauzatuko dira: zabortegiak garbitu, ibaia birpopulatu eta garbitu, interpretazio- eta diseinu-plana idatzi, eta ibilbide nagusia eta ibilbide horretara leku desberdinetatik sartzeko guneak ireki eta seinaleztatu.

“2017an tailerrak eta hitzaldiak egin ditugu, bizilagunek Gerente putzua aztertu dute, eta jendaurrean aurkeztu dira herritarren lankidetza izan duen diagnostiko horren emaitzak. Orain, ingurumena eta ondarea zaintzeko proiektu handi honen bigarren fasea abian jartzeko ere, abantoarren laguntza izango dugu. Urtarrilaren 18an, ostegunean, ekintza-plana jendaurrean aurkeztuko dugu Las Carrerasen, Erretiratuen Etxean, eta guztiok gonbidatuta zaudete. Gerente putzuan historia, natura eta meatzaritza uztartzen dira, Udalak eta bizilagunek egiten duten moduan; jarrai dezagun gure historia babesten eta etorkizuna eraikitzen”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.