Albisteak

 

Kotorrioko aterpetxea irisgarriago eta eraginkorrago bihurtuko dute, eta, horretarako, instalazio guztiak hobetzeko eraberritze-lanak egingo dituzte, jendeari zerbitzu hobea emateko. Udal-instalazio hori Trianoko mendien magal batean dago, izen bereko auzoan, eta iaz mila pertsona baino gehiago hartu zituen. Eraikina Abanto Zierbenako Udalaren jabetzakoa da eta Gallarreta Mendizale Taldeak kudeatzen du. Talde eta elkarteek aisialdiko esperientzia bat igaro dezakete han, natura betean, ingurune pribilegiatu batean.
“Eraikin entzutetsu hau egungo segurtasunaren, irisgarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren araudira egokitu nahi dugu. Aterpetxea Gallarta eta Galdames arteko Bide Berdearen alboan dago. Bide hori da udalerriko baliabide turistiko nagusietako bat, Meatzaritza Museoarekin eta Burdinmendiko biotopoko eremu naturalekin batera. Euskadiko eta Espainiako elkarteek gure ingurunera eta kultura-ondarera etortzen eta horiek ezagutzen jarrai dezaten egingo ditugu eraberritze-lanok; besteak beste, komunak, dutxak eta sukaldea berrituko dira osorik”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Kotorrioko aterpetxea duela 31 urtetik dago martxan, eta eraikin berezi batean dago, Kotorrio auzoko eskola zaharretan. 42 pertsonarentzako lekua du. Instalazio ezin hobea da naturaz eta mendiko ibilbideez gozatzeko, bereziki bizikidetza-jarduerak eremu lasaian egin nahi dituzten elkarteentzat.

Urte osoan dago irekita, abuztuan eta 2018an izan ezik. 200.000 euro inbertituko dira ia, eta erabat zaharberrituko da. Komunak eta dutxak, erabilera anitzeko aretoa, sukaldea, zoruak eta leihoak ere berrituko dira, isolamendu hobea izateko. Gainera, sistema elektriko eraginkorragoa izango du: egungo lanparak kendu eta LED argiak jarriko dira, eta eraikinaren estalkian eguzki-hartzaile termikoak jarriko dira. Energia berriztagarriko instalazio horrek ur bero sanitarioaren eskaeraren % 50 aseko du gutxienez. Ostatu eraginkorragoa izango da, propano gasezko bat-bateko berogailu bat eta energia-intermetatzaile bat jarriko direlako.
“Eraginkorragoa, baina baita irisgarriagoa ere: barneko banaketa aldatuko da, eta, ahal den heinean, espazio guztiak egokituko dira, pertsona minusbaliatuak aterpetxeko areto guztietara sartu ahal izan daitezen. Aldageletan dutxa eta konketa erabat egokituak jarriko dira. Gainera, kanpoko bidetik lursailerako sarbide berri bat egingo da ibilgailuentzat, beheko solairuaren kotan, eta urbanizatu egingo da”, azaldu du Etxebarriak.
Aterpetxe hori gure turismo-jardueraren funtsezko baliabideetako bat da; talde antolatuei eta legez eratuei alokatzen zaie, prezio sinboliko baten truke. Leku berezia da, non natura eta mendiko ibilbideak baitira protagonista. Kokapen ezin hobea duenez, erabiltzaileek leku interesgarri eta ederrak ezagut ditzakete, hala nola Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa, Muskizeko Pobaleko burdinola eta Muskiz eta Zierbena udalerrietako Arenako hondartza. Xendazaletasunerako eta zikloturismorako egokia den ingurune natural lasaian dagoen arren, autoz instalazioraino bertaraino iristea dago, bai Gallartatik, bide berdetik, bai Putxetako Renferen aldiriko trenen geltokitik (aterpetxetik 1.300 metrora dago).

“Gure proiektuak eraikin honen barnealdea eta kanpoaldea berrituko du, erabiltzaile guztientzat hobetuz. Aterpetxeak okupazio-tasa oso handia du; iaz Espainia osoko 41 taldek eta udalerriko bertako elkarteetako 200 kidek hartu zuten ostatu. Kotorrioko aterpetxeak urteak betetzen jarraitzea nahi dugu, eta hori baldintza onenetan egitea. Gainera, asmoa da guztientzat irekita egotea, gure udalerriko elkarteentzat nahiz Abanto Zierbena ezagutzera datozen kanpoko taldeentzat”, jakinarazi du Etxebarriak.