Albisteak

 

Abanto Zierbenak 2018rako aurrekontuak onartu ditu, eta 13 milioi euroak gainditu ditu. Gaur bertan eginiko aparteko osoko bilkuran onartu dituzte, EAJ/PNVren aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EHBILDU eta INDAZ taldeen aurkako botoekin.

Gaurko bilkuran onartutako kontuek gora egin dute 2017ko aurrekontukoekin alderatuta. Hori gertatu ahal izan da Udalkutxa funtsa, Bizkaiko udalei finantzaketa emateko foru funtsa, handitu egin delako. Izan ere, kontura egindako ekarpena ia 6 milioi eurokoa da. Era berean, udal-zerga eta tasen diru-sarrerak handiagoak izan dira, egungo egoera ekonomiko hobeari eta onartutako doikuntzei esker. Azken horiek 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Aurten ere, udalerriko herritarrek ekarpen handia egin dute, errekor berria lortu baita. Ia 600 pertsonak parte hartu dute eta 500 proposamen baino gehiago jaso ditugu. “Herritarren parte-hartzea oso positiboa izan da; hala ere, urte batetik bestera areagotzen jarrai dezala espero dugu".

Enplegua garrantzi handiko lehentasuna dugu. 500.000 eurotik gorako partida bat bideratuko dugu enplegu aukerak hobetzera, ekintzailetza sustatzera eta merkataritza babestera. Ildo horretan, honako hau adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak: “Aurten udalerriko gazteentzako Enplegu Plan berezia, enplegu-plan berriak, langabeak kontratatzeko laguntzak eta ekintzaileak babesteko laguntzak abiaraziko ditugu. Eta horrez gain, merkataritzako dinamizazio planarekin lotutako jarduketak eta prestakuntza ere egingo dira.

Aurrekontuek, halaber, izaera sozial nabarmena dute. Izan ere, gora egin dute honako hauetara bideratutako zenbatekoek ere: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, Etxeko Laguntza Zerbitzua, tokiko laguntza, talde ahulei zuzendutako programak, ekarpen eta diru-laguntzen kooperazioa, adibidez Abanto Musika Eskolari, Meatzaritzaren Museoa Fundazioari edo udalerrian garrantzi handia duen eta horren aktiboa den elkarte-sareari.

Halaber, Berdintasuna, Euskara, Gazteria eta Ingurumena sailen aldeko apustu irmoa egin da. Izan ere, guztiak areagotu dira. Ingurumeneko programak 15.000 € hazi dira. Horren bidez hainbat jarduketa gauzatu nahi dira, garai bateko garbitegiak berreskuratzeko programa, adibidez. Tokiko Agenda 21eko partida 7.000 € handitu da, Eskolarako bide seguruak Plana ezartzeko, Las Carrerasen Gaztegune berria irekitzeko, Berdintasuneko IV Plana egiteko, etab.

2018ko aurrekontuetan inbertsio handia egin da. Ia milioi erdiko zenbatekoa bideratuko da, besteak beste, gai hauetarako:

Udalerriko irisgarritasuna hobetzeak lehentasun handia du 2018ko aurrekontuetan. Horretarako jarduketek 400.000 euroak gaindituko dituzte, 2016 ekitaldian eginiko Irisgarritasun Plana betetzeko. Jarduketa nagusia Maria Auxiliadora etxetaldetik Putxera doan pasabidea hobetzea izango da. Herritarrek behar hori adierazi izan dute sarri, eta aurten, behar bezala aztertu ondoren, jarduketari aurre egin ahal izango diogu.

“Gallarta, Las Carreras, Sanfuentes eta landako auzoak hobetzen jarraituko dugu. Adibidez, bide-segurtasuna hobetzeko jarduketak egingo ditugu Gallartako anbulatorioaren inguruetan, 150.000 euroko aurrekontuarekin. Era berean, Peñucas etxetaldea berrurbanizatzeko lanekin jarraitzen dugu; fase berrirako 117.000 euro erabiliko dira”, azaldu du Etxebarriak. El Cerro etxetaldean 100.000 euroan baloratutako hobekuntza-lanak egingo dira. Eta nabarmentzekoa da, halaber, Sanfuentesko herrigunea berrurbanizatzeko lanak ere egingo direla; plaza eraberritu eta harmaila berriak jarriko dira. Guztira, 243.000 euroko inbertsioa egingo dugu.

“Cotorrioko aterpetxean eraberritze-lan integrala egingo da, 180.000 euroko partida bat erabilita.

Ildo horretan, inbertsioa egingo da, halaber, honako hauek hobetzeko: ikastetxeak (62.000 euroko partida), haurrentzako parkeak eta jolas-eremuak (120.000 euroko partida) eta kirol-instalazioak (100.000 euroko partida).

Lehenbiziko aldiz, 43.000 euroko partida bat sortu da landako auzoetako herritarren beharrei erantzuteko. Behar horiek “Erantzun” Planaren bidez helarazi dizkiote Udalari, auzoetako zinegotziaren bitartez. Proposamen guztiak obra eta zerbitzu sailarekin lotuta daude.

“Aurrekontuak bat datoz gastu korrontearekin; errealistak eta parte-hartzaileak dira eta horien ardatz nagusiak gure udalerrian bizi diren pertsonak, enplegua, gizartearen babesa eta bizi-kalitatea hobetzeko inbertsioak dira. Guztien iritzi eta ikuspuntuak jaso dira eta herritar guztien ongizaterako aurrekontu onenak jarri ditugu mahaiaren gainean", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.