Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak aurrekontu hurbilak, eraginkorrak eta, beste ezeren gainetik, herritarren behar eta nahietara egokitzen direnak egin nahi ditu. Horretarako, aurreko urteko esperientzia errepikatuko du eta abantoar guztiekin harremanetan jarriko da, udal-kontuak haien esku uzteko.

 “Kontsulta-prozesuak iraila eta azaroa bitartean egingo diren bi fase hartzen ditu barne. Berritasun gisa, izapideak bizkortu eta prozesu osoa errazte aldera, webgune bat sortu dugu, berariaz herritarrei galdetzeko sortua: aurrekontuak.eus. Atari horren bitartez, herritar orok egin ditzake aurrekontuei buruzko iradokizunak, lehentasuna izan beharko luketen partidak aipa ditzake eta modu zuzenean eman diezaguke horren berri, klik bakan batzuekin”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Parte-hartze prozesua duela bi urte jarri zen abian eta, harrera bikaina izan duenez, aurrekontuak aurkeztu aurretik nahitaez egin beharreko izapide bilakatu da. Urtez urte ekimena hobetzen saiatu gara, eta are herritar gehiagorengana iristen. Horretarako, joan den urtean, informazio-karpa bat jarri zen udalerriko hainbat tokitan; 2018ko kontuei dagokienez, aurten ere karpa ibiltari bat jarriko da, parte-hartze prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.

 “Asteburu honetan, irailaren 29tik urriaren 1era, informazio-karpa jarriko dugu Las Carreras, San Fuentes eta Gallartan, herritarrak parte hartzera animatzeko. Bertara hurbiltzen direnek galdetegiak izango dituzte eskura, haien ekarpenak egiteko. Kontsultaren bigarren fasean, etxe bakoitzera triptiko bat igorriko da, hainbat inbertsio posible lehentasunaren arabera ordenatzeko. Horren helburua da herritarren iritzia ezagutzea. Azaroan berriz ere jarriko dugu karpa, eta hilaren 6tik 16ra ekarpen onenen alde bozkatu ahal izango da aurrekontuak.eus webgunean”, azaldu du Etxebarriak.

Joan den urtean Dolores Ibarruri BHI ikastetxean egindako proiektu pilotuaren emaitza onak ikusita, Udalbatzak ekimena errepikatzea erabaki du, eta 15 eta 16 urteko ikasleei udal-aurrekontuak nola osatzen diren azalduko diegu. Haien ekarpenak garrantzitsuak dira, eta proiektua urrian hasiko da.

 “Gure asmoa da hautatutako proposamen guztiak bigarren zirriborroan sartzea; zirriborro hori abenduan aurkeztuko dugu batzordean eta osoko bilkuran. Herritarrekin partekatu nahi ditugu esku artean ditugun proiektuak, eta elkarrekin ikusi nahi dugu joan den urtean hitzemandakoa bete dugun, baita 2018rako prestatu ere”, adierazi du alkateak.

Aurrekontuak egiteko unea garai aproposa da herritarrei Udala gauzatzen ari den proiektuen berri emateko, baita Abanto Zierbenako herritarrek egiten dituzten proposamenei entzuteko ere. Udalak argi dauka gastuari lehentasuna eman behar zaiola, inbertsio guztiak aztertu behar direla eta aurrekontu onak egin behar direla; horretarako, guztion laguntza izan nahi du.

 “2015ean ekin genion proiektuari, Internet bidezko inkesta batekin; 2016an karpa eta postontzien bidezko parte-hartzea gehitu genuen. Aurten, 2017an, are gehiago sendotu nahi dugu gardentasunarekin eta herritarren parte hartzearekin dugun konpromisoa. Horretarako, berariaz aurrekontuei zuzenduriko webgune bat sortu dugu eta San Fuentesen aurrez aurreko saio bat egingo dugu; bertan, etortzen direnen proposamenak partekatuko ditugu eta joan den urteko prozesua oinarri hartuta 2017an betetakoaren balorazioa egingo dugu”, azaldu du Etxebarriak.

Ekarpen guztiak, bai lehen fasean egindakoak bai bigarren faseko lehentasunen bozketan jasotakoak, Meatzaldeko Udaleko sail egokiei helaraziko zaizkie, haiek azter ditzaten eta aurrekontuaren bigarren zirriborroa egin dezaten. Gero, bigarren zirriborro hori eztabaidatuko da eta bozkatu egingo da, batzordean lehenik eta osoko bilkuran ondoren.

"Udal-kudeaketaren errealitatea herritarrei hurbildu nahi diegu, eta Abanto Zierbenako gizarte osoari kudeaketa-prozesuetan parte hartzeko aukera eman nahi diogu, modu ordenatu eta progresiboan, erdietsi daitezkeen helburuekin”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.