Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak udalerriko ekintzaileentzako diru-laguntzak banatu zituen atzo. 13 enpresa berrik jaso dute Meatzaldeko Udalaren diru-laguntza Abanto Ekintzaileak programari esker. Duela 4 urte jaio zen programa hori, eta ekintzaileei enpresa bat sortzeak hasieran dituen oztopo ekonomikoak gainditzeko aukera emateko balio du: lokala alokatzea, egokitzeko obrak egitea, beharrezko ekipamendua erostea…

Programa horretarako aurrekontu-saila 10.000 eurotik 12.000ra handitu da aurten. Abanto Zierbenako Udalak soilik hartu du bere gain inbertsio hori, eta aukeratu diren 13 enpresa-ekimenen artean banatu da.

“Diru-laguntza hauekin, abian jartzeko laguntza ematen diegu. Iaz 18 enpresa berri jaio ziren Udalaren laguntzari esker; aurten 13 izan dira. Gure herritarrei euren ideiak negozio bihurtzeko laguntza ematen jarraitu nahi dugu. Ekitea arriskatzea da, eta horregatik ematen diegu laguntza gure herritarrei enpresari bihurtzeko lehen urratsetan, ongi dakigulako aro gogorrena dela eta jende ausart gehiago nahi dugulako”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxeberriak.

Bertako ekintzaileentzako diru-laguntzen programa honek langabeziaren aurka borroka egiten du, enplegua sortzen duten enpresa-proiektu berriak abian jartzea sustatuz eta diru-laguntza bat ezarriz, bai eratzeko izapideetarako, bai hasierako inbertsioa egiteko.

Itzuli beharrik gabeko 1.000 eurora arteko diru-laguntza bat dago ezarrita, 1.100 eurora arte handitu daitekeena emakumezkoa izanez gero, egoitza fiskala Abanto Zierbenan duten enpresak abian eta jardunean jartzearen gastuak diruz laguntzeko.

“Atzo arratsaldean, 13 ekintzailek jaso zuten diru-laguntza hori. Negozio berriez ari gara: adibidez, ezkontzak antolatzen dituen enpresa bat, edo hezetasunak ezabatzeko nanoteknologiako sistemak aplikatzen dituen eta, horrenbestez, berotzeko kontsumoa erdira murriztea lortu duen saltoki bat. Tabernak, harakindegiak, edariak banatzen dituzten enpresak. Azken batean, egia bihurtu diren 13 ideia, eta harro esan dezakegu geuk eman diegula argia ikusteko laguntza, eta zorte handia opa diegula enpresari gisa hasi duten abenturan”, azaldu du Etxeberriak.

Abanto Zierbenak enpleguaren alde egiten du, baina batik bat bere herritarren alde, eta horregatik bultzatzen ditu enplegua sustatzeko programak; besteak beste, Abanto Ekintzaileak. Abanto Zierbena, bere ekintzaileen eskutik.