Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, 10 prestakuntza-ikastaro eskainiko dizkie udalerrian langabezia gehien duten kolektiboei: 45 urtetik gorakoak, luzaroko langabeak edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonak. Kasu honetan, arreta berezia jarri da emakume langabeengan. Lan Berri foru-ekimenaren esparruko ikastaroei esker, Abanto Zierbenako 160 langabe prestatuko dira, lan-merkatu arruntean sartzeko aukera handiagoa izan dezaten.

"66.346,00 euroko diru-laguntza eman digute; horri esker, Lan Berri programaren bitartez udalerriko langabeei eskainiko zaizkien ikastaro eta ekintza guztiak % 100 diruz lagunduko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak oso ondo baloratu du gure proiektu berria; izan ere, Lan Berri programaren aurreko edizioan 135 herritar langabek baliatu zituzten prestakuntza-ikastaro horiek, eta laneratze-datu bikainak lortu zituzten. Parte-hartzaileen % 80k baino gehiagok, gehienak emakumeak, oraindik ere indarrean dagoen lan-kontratu egonkor bat eskuratu zuten, ikastaro horietan trebatu ondoren. Oso asebeteta eta harro gaude", adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Lan Berri programa Foru Aldundiak Bizkaiko bizilagunen artean langabeziaren aurka egiteko apustu argia da. Gaur egun, Ezkerraldea da langabeziak gehien zigortutako eskualdea. Prestakuntza eta birziklatzea funtsezkoak dira lan-merkatu aztoratuari aurre egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu hori ezin hobeto uztartzen da Abanto Zierbenako Udalak langabeziaren aurka borrokatzeko abian jartzen dituen ekimenekin.

"Gaur egun, udalerrian 743 langabe daude, iaz baino 109 pertsona gutxiago; gaur egun, tasa % 15ekoa da. Gustura gaude beherakada horrekin, baina udalerrian enpleguaren alde borrokatzen jarraitu behar dugu, eta prestakuntza da hori eskuratzeko gure arma onenetako bat. 395 emakume eta 339 gizon daude langabezian. Horregatik, ahalegin handiagoa egingo dugu egoera hori konpontzeko; emakume langabeei lagundu behar diegu, lan-merkatuan sartzea zailagoa baita haientzat", jakinarazi du Etxebarriak.

10 ikastaro berri jarri dira abian udalerrian langabeziari aurre egiteko. Urtarrilean, merkataritzako jarduera osagarriei buruzko ikastaro bat jarriko da martxan, saltzaile, kutxazain edo apal-betetzaile postuak eskuratu ahal izateko. Ekimen hori emakume langabeentzat da soilik, hain zuzen, 45 urteko langabeentzat, luzaroko langabeentzat, desgaitasunen bat dutenentzat edo bazterketa-arriskuan daudenentzat. 280 orduko 10 plaza daude betetzeko, eta tituluari esker profesionaltasun-ziurtagiriari dagokion ofizialtasuna eskuratuko da. Parte-hartzaileen % 15ek konpromisoa eduki beharko dute gutxienez.

Lan-aukera gehiago eskuratu nahi dituzten emakume langabeek, enplegurako dinamizazio eta aktibatze tailerrean, enplegua bilatzeko teknika eta tresna aurreratuen tailerrean edo eskola-jangelako laguntzaile eta jardueren dinamizatzaileen tailerrean parte har dezakete. Halaber, Alzheimerdun gaixoen zaintza berezirako ikastaroan edo pintxo-prestatzaile ikastaroan eman dezakete izena. Azken hori eginez gero, janari-erabiltzaileen txartela eskuratu ahal izango dute.

"6 ikastaro emakumeak trebatzeko dira oso-osorik, eta guztira, 97 emakumek baliatu ahal izango dituzte ikastarook. Enplegua bilatzen eta langabeziaren aurka egiten lagundu nahi diegu, eta horretarako, trebatu egiten ditugu, lan-merkatura baliabide askoz gehiagorekin sartu ahal izan daitezen", azaldu du Etxebarriak.

Beste lan-bide bat ere ireki dugu. UNE eskorga erabiltzeko ikastaroa jarri dugu abian. Ikastaro horren bitartez, 10.000 kg arteko mantenu-eskorgen operadore lanpostua beteko litzateke muntaketa-lineatan edo biltegietan, hainbat sektoretako enpresetarako, hala nola logistika, merkataritza-zentroak, ekoizpena, muntaketa eta mantentze-lanak. Lan-aukera ona da, baita ere, UNE garabi edo plataformak erabiltzeko ikastaroa. Horri esker, UNE-EN 280 arauan zehaztutako talde eta mota desberdinetako Pertsonen Plataforma Jasotzaile Mugikorren langile gisa lan egin daiteke, muntaketa eta mantentze-lan metalikoko, eraikuntzako eta mantentze-lan elektrikoko sektoreko enpresetan. Ikastaro horietako plazak eta janari-erabiltzaileen ikastaroko plazak udalerriko gizon eta emakume langabeentzat dira; guztira, 63 plaza eskainiko dira. Ikastaro guztiek 20-40 ordu iraungo dute.

"Prestakuntza onak ateak irekitzen ditu eta, batik bat, benetako lan-aukerak eskaintzen ditu. Kalitatezko enplegu egonkorra nahi dugu, eta horretarako, gure langileek prestatuta egon behar dute. Udalak prestakuntza eskainiko du eta buru-belarri lanean jarraituko dugu 2018. urtean udalerrian herritar guztiek lanpostu bat izan dezaten. Langabeziaren aurkako borroka etengabean Bizkaiko Foru Aldundiak duen inplikazioa benetan eskertzen dugu", esan du amaitzeko alkateak.