Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, bide-segurtasunaren arloan dituen eskumenez baliatuz, oinezkoentzako pasabide altxatu bat egitea erabaki du El Minero etorbideko 12 zenbakiaren parean.

“Gaur-gaurkoz, autoa El Minero etorbideko 10 eta 12 zenbakien aurrean dagoen aparkalekuan uzten dutenek errepidea gurutzatzen dute beste aldeko espaloiraino, oinezkoentzako pasabideak erabili gabe. Izan ere, pasabidera arteko distantzia handia da, eta bide errazagoa hartzen dute, arriskutsua bada ere. Hori dela eta, uste dugu denon segurtasunagatik beharrezkoa dela gune horretan beste oinezkoentzako pasabide bat egitea”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Aparkalekuaren erabiltzaileek aurrean, arkupeetan, dauden dendetara joan nahi izaten dute, baina ez dituzte seinaleztatutako pasabideak erabiltzen. Hori oso arriskutsua da; izan ere, errepide zuzena denez, ibilgailu asko gehiegizko abiaduran ibiltzen dira eta, gainera, ikuseremua murrizten duten bi bihurgune daude bertatik gertu.

“Oinezkoentzako pasabide altxatu bat jarriko dugu aparkalekua eta dendak dauden espaloia lotzeko. Hala, bi helburu beteko ditugu: batetik, seinaleztatu gabeko gunetik zeharkatzeak dakarren arriskua desagerraraztea, eta, bestetik, ibilgailuek errepide honetan hartu ohi duten abiadura murriztea”, adierazi du Etxebarriak.

Obra hau egiteko 7.925 euroko inbertsioa egin da, eta, bidea zeharkatzea errazagoa izan dadin, espaloiaren ondoan dagoen aparkaleku linealaren zati bat espaloi bihurtuko da, oinezkoentzako pasabidearen zabalera osoa hartzen duen zatia, alegia. Obrak martxan daude dagoeneko.