Albisteak

 

Kotarro auzoan San Migel jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Jaiak ostiralean hasiko dira, Beti Abanto Sahararekin Elkarteak eta Oilargorri Elkarte Kulturalak emango duten pregoiarekin. Azken hori arduratzen da, hain zuzen, jaiak antolatzeaz. Ondoren, puzgarriak, txorizoa parrilan eta kontzertuak egongo dira, eta txosnetan giro bikaina, gorputzak kito esan arte.

Larunbatean, irailaren 30ean, txikienek puzgarriak eta tailerrak izango dituzte, eta Muskizko aizkolarien erakustaldia ere egongo da, publiko guztientzat. Eguerdian, herri-bazkaria egingo da eta, ondoren, mus-txapelketa. Gauean, La Voz Kids saioan parte hartu zuen gure auzokide Marenek abestuko du, bere ahots goxoarekin. Jarraian, su artifizialak egongo dira ikusgai eta giro bikaina izango dugu txosnetan.

Igandean, urriari hasiera emateko, herri-lasterketa eta Vespa eta Lambretta motoen bigarren erakusketa egingo dira. Horrez gain, ekintza hauek ere egingo dira: ipuin-kontalaria, tortilla-lehiaketa eta tiragomen erakustaldia. Arratsaldeko zazpietan, jai hauetako erregea, Oilargorri, jaitsiko da Buenos Aires ikastetxetik. Zazpi eta erdietan Kotarroko pertsonaia maite hori erreko da, eta, aho-zapore onarekin amaitzeko, sardina-jate herrikoia egingo da.

“Herritar guztiak animatzen ditugu auzoko jaiez gozatzera eta antolatu dituzten askotariko ekintzetan parte hartzera. Eskerrak eman nahi dizkiogu Kotarro Oilargorri Elkarte Kulturalari egindako lanarengatik; urtetik urtera, jai hauek gero eta bereziagoak dira”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Kartela (PDF 5,18MB)