Albisteak

 

Abenduaren 15etik (ostirala) 17ra (igandea) bitartean, Expoaves azoka egingo da Abanto Zierbenan, zehazki, Gallartako Txikito pilotalekuan. Bertan, 1.800 animalia egongo dira.

Hegazti-azoka handienetan hirugarrena da Espainian. 80 hazle baino gehiago etorriko dira hainbat lekutatik euren lehiaketarako hegaztiak erakustera; besteak beste, leku hauetatik: Valladolid, Salamanca, Palentzia, Madril, Ourense, Asturias, Kantabria, Nafarroa, Balearrak, Katalunia, Valentzia, Aragoi, Guadalajara, Sevilla eta Kordoba.

Oraingo hau Expoaves hegazti-azokaren 9. edizioa izango da. Sektoreko azoka handienetan hirugarrena da, Kataluniakoaren eta Asturiaskoaren ondoren.

“Hegaztien mundua harrigarria da eta horregatik aukera paregabea izango da. Mila hegazti desberdin baino gehiago bilduko dira esparru berean, lehian eta beren gaitasunak erakusten; horiek dira azoka hori historiko bihurtzen duten osagarriak. Hori dela eta, udalerriko herritar eta bisitari guztiak animatu nahi ditugu erakusketa garrantzitsu hau ezagutzera”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Azoka Gallartako Txikito pilotalekuan egingo da, eta bertan espezie askotako mila hegazti baino gehiago bilduko dira. Horrez gain, nazioarteko epaileak eta prestigio handiko hizlariak egongo dira.

Erakusketa ostiralean hasiko da; harrera egingo zaie hegazti-hazleei eta nazioarteko epaileei. Azken horiek erakusketako hegaztien edertasuna eta beste dohain batzuk aztertu eta beren epaia eman beharko dute. Ez da batere erraza izango; izan ere, espezie bakoitzeko, munduko dozenaka arrazak hartuko dute parte.

Jatorri oso ezberdineko oiloak izango dira bertan: australiarrak, amerikarrak, frantsesak, ingelesak, etab. Batzuk izugarri handiak izango dira; beste batzuk berriz, arra bat baino txikiagoak.

Haien artean eta beste espezie batzuekin lehian ibiliko dira bisitarien arreta bereganatzeko; palmipedoekin (ahateak, antzarak) eta usoekin, esate baterako. Hegazti-azoka bada ere, untxiek protagonismo berezia izango dute azokan. Flandesko untxia begirada guztien erdigunea izango da ziur asko; 20 kilora arteko pisua izan dezake.

“2017ko edizioa ere punta-puntakoa izango da. Erakusketan egongo diren oiloei dagokionez, lehenbiziko azoka da rankinean. Izan ere, mila oilo inguru izango dira bertan, eta aipatzekoa da, halaber, "Euskal Oiloa" tokiko arrazako oilo askok parte hartuko dutela. Eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki, Balearretatik datozen hazleei, ia 300 animalia ekarriko baitituzte; bai eta Andaluziatik datozen bi hazleri ere, beste 200 bat ekarriko dituztelako. Ulertzen dugu ahalegin handia dela hori. Azkenik, eskerrak eman nahi genizkioke Pedro Sánchez Algaba hazleari; Sevillatik etorriko da Toulouseko antzarekin, eta eskertzekoa da ahalegina, animalia horiek oso handiak baitira”, adierazi du Eoalak Elkarteko presidente Miguel Ángel Garcíak.

Berritasun gisa, “Euskal Untxia” ikusi ahal izango dute bisitariek; berreskuratzeko prozesuan dago. Oilo nanoen artean nabarmentzekoa da Pekin, araukaniar edo zeta-antzeko iledun oilo arrazek izango duten parte-hartze handia. Aurten, usoen kopuruak gora egin du (ia bostehun egongo dira). Horrez gain, bisitariek paumak, akuriak eta txoritxoak ikusi ahal izango dituzte. Askotariko hegazti espezieak egongo dira, inor hotz utziko ez dutenak, baita oso exotikoak ere, “Ayam Cemani” oilarra, adibidez. Indonesiar jatorria du eta beltza da lumetatik hezurretaraino; muskuluak eta organoak ere beltzak ditu. Indonesieran “ayam” hitzak “oilasko” esan nahi du eta “cemani”-k “erabat beltza”. Oilo arraza hori Indonesiako Java irlan du jatorria. Bere bitxitasun hori “fibromelanosis” izeneko nahasmendu genetiko batek sortutakoa da. Horren ondorioz, gorputz osoko zeluletan pigmentu ilun asko sortzen dira.

“Guztira, ia 1.800 animalia egongo dira erakusketan: 938 oilo, 230 ahate, 410 uso, 84 untxi eta 80 txori ezberdin baino gehiago. Aukera bikaina da horiek guztiak zuzenean ikusteko”, adierazi du Etxebarriak.

Asteburu honetan izango da Expoaves azoka, eta Abanto Zierbenako Udalak, Eoalak Elkarteak eta Enkarturrek bertaratzeko gonbita egiten dizute hegazti-hazkuntzari buruzko nazioarteko erakusketa zoragarri hori gal ez dezazun.