Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak lanean jarraitzen du 80 urtetik gorako pertsonak etxean seguruago egon daitezen; horretarako, 63 ke-detektagailu jarri ditu 48 etxebizitzatan.

Duela hiru urte, Udala ke-detektagailuak instalatzen hasi zen herritar nagusienen etxeetan. Osotara, 169 aparatu jarri genituen 165 etxebizitzatan, eta, horrela, bakarrik edo 80 urtetik gorako beste pertsona batzuekin bizi diren 80 urtetik gorakoen kolektiboaren % 73ren premiei erantzun genien.

Abanto Zierbenako Udalak “Bakarrik edo 80 urtetik gorakoekin bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen beharrizan sozialak” azterlana egin zuen 2014an. Horren bidez, jakin genuen adinekoen 226 etxebizitzatik % 32k arrisku onartezinak zituztela suteen kontrako prebentzioari dagokionez. Hala, suteen kontrako ekimen horren lehen fasea martxan jarri zen. Azterlaneko 165 etxebizitzetan bizi diren 202 pertsonek 79 eta 98 urte artean dituzte. Haietatik 141 emakumeak ziren, eta 61 gizonak. 2014-2015ko lehen fasearen aurrekontua 24.853 eurokoa izan zen.

Urtero, aparatuen egoera aztertzen da, ondo funtzionatzen dutela bermatzeko. Etxeetan sarri izaten dira nahi gabeko edo istripuen ondoriozko suteak, eta adineko pertsonak egoera zaurgarrian egoten dira horrelakoetan; ondorioz, ke-detektagailu batek ezbehar bat saihets lezake.

Joan den urtea bukatu baino lehen, 48 etxebizitza bisitatu ziren eta 63 detektagailu berri jarri ziren. Gaur egun, babestutako 187 etxebizitza daude, eta guztira 218 ke-detektagailu daude martxan; izan ere, etxebizitza horietan 31 detektagailu gehigarri daude.

Abanto Zierbenak udalerriko biztanle nagusienen esku jarri duen doako zerbitzu honen xedea da suteak saihestea, eta instalatzeko ez da inolako obrarik egin behar.

“Eskura ditugun datuen arabera, kolektibo horren % 73k jasotzen du etxeko segurtasuna hobetzeko programa honen onura; gainera, gizarte-galdetegiaren bitartez jasotako datuei esker, hobeto ezagutzen dugu euren gizarte-egoera. Udalak apustu sendoa egin du proiektu horren alde: hasi zenetik 2017ra arte 46.028 euro bideratu ditu”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

SOS DEIAKen azken datuen arabera, etxeko 10 istriputatik 8 suteak dira, eta mugikortasun mugatua duten adineko pertsonak dira herritarrik ahulenak. Urtero, Euskadin, 3.000 etxebizitza baino gehiagotan izaten dira suteak, eta kaltetuen % 70ek baino gehiagok 70 urtetik gora dute. Bistakoa da alde handia dagoela adin-talde horren eta gainerako herritarren artean. Horrez gain, adineko pertsonen 120 elkarte baino gehiago biltzen dituen NAGUSIA Federazioak duela gutxi udalei eskatu zien, hedabideen bitartez, neurriak har zitzatela, kolektibo horrek suteak jasateko arrisku handiagoa baitauka.

“Mugikortasun mugatua duten adineko pertsonek oharkabe batean suteak jasateko arrisku potentziala dute. Zentzumenetan jasandako aldaketak direla eta, denbora gehiago behar dute zerbait gertatzen dela ikusteko eta ekiteko. Pertsona horietako askok narriadura kognitiboa dute; ondorioz, arriskutsuak dira bai euren buruentzat, bai ingurukoentzat. Adineko pertsonak euren etxebizitzetan ahalik eta denbora luzeen seguru bizi ahal izan daitezen, Udalak uste du ke-detektagailu hauek jartzea segurtasuna bermatzeko bide egokia dela. Gure adinekoen ongizatea lehentasuna da geuretzat", esan du Etxebarriak, bukatzeko.