Albisteak

 
Edukiontzi marroiaren esperientzia Gallarta auzoan egindako proiektu pilotuaren bitartez hasi zen duela hiru urte, eta kontzientziazio-kanpaina ugari abiarazi dugu pertsona gehiagok izena eman dezaten 5. edukiontzia erabiltzeko eta, hala, kozinatutako edo kozinatu gabeko landare-hondakinak (frutak, barazkiak, ogia, fruitu lehorrak edo infusio-poltsatxoak) konpostatzeko.
Abanto Zierbenako Udalak Sanfuentes eta Las Carrerasera zabaldu du edukiontzi marroia, eta 17 edukiontzi berri jarriko dira bi auzootan. Horrenbestez, udalerrian hondakin organikoak biltzeko zerbitzua areagotu da.
"Gallartan 23 edukiontzi marroi daude. 2017an 17.000 kilo hondakin organiko bildu dira eta hasieratik 60.000 kg inguru jaso ditugu. Ingurumena zaintzen jarraitu nahi dugu, eta herritar guztiek horretarako aukera izatea eta parte hartzea. Sanfuentesen eta Las Carrerasen bosgarren edukiontzia martxan jarrita lortuko dugu", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Otsailaren 1etik aurrera, Sanfuentes eta Las Carreras auzoetako 2.000 etxek hondakin organikoak bosgarren edukiontzira bota ahal izango dituzte.
"Gure bizilagunak ekimen honetan parte hartzera animatzeko, flyer batzuk banatuko dira postontzietan, edukiontzi honetara bota daitezkeen eta bota ezin daitezkeen hondakinei buruzko informazioarekin. Gainera, bi informazio-bilera egingo dira: bat, urtarrilaren 16an (asteartea) Sanfuentesko Eskola Zaharretan, 18:00etatik 19:30era, eta bestea, urtarrilaren 18an (osteguna), auzo horretako Erretiratuen, Alargunen eta Pentsiodunen Etxean, 17:30etik 18:30era.
Azken xedea da kalitate oneko gai organikoen bilketa bereizia egitea, material desegokirik gabea, kolore marroia ezaugarri eta "gai organikoak" izendapena duen edukiontzi batean". Edukiontzi hori giltzaz soilik ireki ahal izango dute proiektuan parte hartuko duten bizilagunek.
Edukiontzi horietako hondakinak konpost bihurtzeko modu egokian tratatuko dira, eta konpost hori udalerriko gune berdeetan erabiliko da. Azken urteotan, El Preventorioko hiri-baratzeetako erabiltzaileei zerbitzua emateko ere erabili dira; bertan ikusi da kalitate onekoa dela.
Abanto Zierbenako ia 400 familiak parte hartzen dute edukiontzi marroiaren bitartez etxean sortutako landare-hondakin organikoen bilketa-programan.Gogora dezagun edukiontzi marroia etxean sortutako landare-hondakin organikoak, gordinak zein kozinatuak, birziklatzeko sortua dela.
Ekimen honetan parte hartzeko, bizilagunek Udaleko HAZn eman behar dute izena; datu pertsonalak baino ez dira eman behar, eta izena ematean, interesdunek ongietorri-kit bat jasoko dute doan. Kit horretan honako hauek jasoko dituzte: konpost-ontzi bat, konposta egiteko prozesuan deskonposatu egiten diren poltsa biodegradagarriak eta edukiontziaren giltza, hondakinak edukiontzian uzteko.
"Birziklatze-kit horiek banatuko dira, baita ere, datozen egunetan bizilagunekin egingo ditugun bileretan. HAZen, lanegunetan 7:30etik 14:30era bitartean, eta Las Carreraseko Herritarren Arretarako Bulegoan, astearte eta ostegunetan 12:00etatik 15:00etara, jaso daitezke kitak.
Joan den maiatzean Agenda 21ek hamar urte egin zituen, eta urteurren horren harira, lehen marrazki-lehiaketa jarri zen martxan udalerriko eskolen artean. “Edukiontzi marroia ezagutzen dugu” zen lehiaketaren leitmotiv-a. Udalerriko hiru gazteren marrazki irabazleekin apainduko dira edukiontzi marroiak, binilo handiekin.