Albisteak

 

Abanto Zierbenako dendariek beren bezeroen konfiantza saritu nahi dute, eta, horretarako, herriko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak kanpaina bat jarri du abian, 100 erosketa-orga banatzeko herritarren artean.

“Abanto Zierbenako Udalak ere lagundu du ekimen honetan, 1.000 euro jarriz”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ekimen honen bidez, erosketa-orga eroso bat emango zaie kartilla osatzen duten lehen 100 pertsonei. Kartilla kanpainan parte hartzen duten dendetan eskatu ahal izango da. Hori osatzeko, 10 saltokitako erosketa-zigilua eta erosketa-tiketak beharko dira. Hala egiten dutenek orga bat eskuratuko dute, udalerrian egiten dituzten erosketak erosoago eta modu jasangarriagoan egiteko.

Proiektu honen helburua da tokiko merkataritza dinamizatzea eta herriko dendetan erosten duten kontsumitzaileen leialtasuna saritzea.

“Herriko 6 establezimendutan jaso ahal izango dira bete beharreko kartillak. Bezeroek, behin kartilla lortuta, bi erosketa-txartel eskuratu beharko dituzte Abanto Zierbenan dauden 5 merkataritza-taldeetako bakoitzean, eta txartel guztiek denda desberdinetakoak izan beharko dute. Orgak bezeroak iristen diren hurrenkeran banatuko dira, amaitzen diren arte", adierazi du Etxebarriak.

Ekimen hau Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak jarri du abian, Abanto Zierbenako Udalaren, Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta tokiko merkataritza sustatzen jarraitzea du xede. Muskizen 100 orga banatu zituzten udan, eta orain Abanto Zierbenaren txanda da.