Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak bigarren urtez parte hartuko du Hondakinak Prebenitzeko Astean eta horren bidez herritarrei gogorarazi nahi die nola kudeatu ditzaketen hobeto euren hondakinak. Aste horretan, hondakinak bereiztea eta birziklatzea izango da kanpaina guztien leitmotiva.

“Atzo abiarazi genuen lorategia duten etxebizitzei zuzendutako kanpaina bat, inausketa-hondarrak biltzeko udalerriko zerbitzu berriaren erabilera egokiari buruz sentsibilizatzeko. Zerbitzu hori proba pilotu gisa hasi zen, eta lortutako arrakasta dela eta, urtarriletik aurrera udalerriko zerbitzu iraunkor bihurtu zen. Nahasmen pixka bat hauteman dugu gaitutako esparruetan uzten diren hondarrei dagokienez; horregatik, erabilera egokiari buruz kontzientziatu nahi ditugu herritarrak. Metro bat baino adar txikiagoak onartzen dira bakarrik, ezin dira plastikozko poltsak erabili, bertan ezin da belar-hondarrik utzi eta bilketarako egunak errespetatu behar dira (hilabete bakoitzeko lehen eta hirugarren astelehenak). Panfletoa oso bisuala eta argia da, eta herritarrei gizabidez joka dezaten eskatu nahi diegu", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Inausketa-hondarrak behar bezala biltzea udalerriko borroka ekologiko bat da, eta gauza bera gertatzen da erabilitako etxeko olioekin; horiek edukiontzi laranjara bota behar dira, eta ez harraskatik.

Hilaren 22an, “Super Rafrina” antzezlanaren bi emanaldi egingo dira, Rafrinor enpresarekin lankidetzan. Lehenengo emanaldia goizeko 09:30ean egingo da, Las Carreraseko pilotalekuan, El Casal eta Askartza Isusi ikastetxeentzat; eta bigarrena 12:00etan izango da, Gallartako Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan, Buenos Aires eta Etorkizuna Ikastola zentroentzat.

"Super Rafrina" pertsonaiaren helburua da gizateria salbatzea harraska eta komunetatik olio erabilia botaz mundua hondatu nahi dutenengandik. Aikak, haren alter egoak, publikoarekin jolasten du eta haren baldartasunaren konplize egiten ditu. Zer egin dezake etxekoandre honek olio erabiliarekin? Super Rafrina arduratuko da hura ondo bideratzeaz. Lana euskaraz interpretatuko da osorik eta eskola-umeak kontzientziatzea du helburu.

Udalaren beste kanpaina handia 5. edukiontzia ezagutaraztekoa da. Edukiontzi marroia da, biohondakinetarakoa. Gallartan jarri da orain; 20 edukiontzi banatu dira eta 300 familiek eman dute izena. Otsailaren 1az geroztik, Sanfuentes eta Las Carrerasen ere jarriko dira unitateak.

"Gure bizilagunak animatu nahi ditugu biohondakinak edukiontzi marroira botatzera; horretarako, poltsa konpostagarri erresistenteagoak prestatu ditugu, biohondakin begetalak hobeto bereizteko. Izena eman nahi duten bizilagunei birziklatzeko kit bat banatuko zaie erabat doan, eta dagoeneko ekimen horretan parte hartzen dutenek poltsa berriok HAZen jaso ahal izango dituzte, doan ere bai. Biohondakinez ari garenean, ezpainzapiez, frutez eta barazkiez ari gara, besteak beste. Liburuxkan oso nodo azaltzen da nola erabiltzen den zerbitzu hori", adierazi du Etxebarriak.

Ecovidriorekin lankidetzan, Udalak dei egin die herritarrei udalerriko beira-edukiontzi batzuk apaintzen dituzten binilo dibertigarri batzuen bitartez.

Ekimen horren helburua da udalerrian beiraren birziklatzea areagotzea, eta, horrela, hondakinen kudeaketa arduratsuaren alde egiten jarraitzea. Binilo horiek gizatiartu egiten dituzte edukiontziak, erakargarriago bihurtzen dituzte. Maskota handi bihurtzen da eta beira eman behar zaio elikatzeko. Etxeko txikienentzat oso dibertigarria izango da beira birziklatzea.

"Keinu bakar bat ez da ezer kostatzen eta gutako bakoitzak parte hartuz gero, ahalegin horrek eduki dezakeen sari onena izan dezake: ingurumena eta gure ingurunea zaintzea. Udalerri garbiago baten alde, 4 ekimen oso berderi ekin diegu. Ia 4.000 euro kostatu dira kontzientziazio-kanpaina horiek".

 

Bosgarren Edukiontzia (PDF 498KB)

Inausketa-hondakinen Bilketa (PDF 121KB)