Albisteak

 

Gallartak berriro ere denboran atzera bidaiatuko du urriaren 6tik 8ra bitarteko asteburuan. Iritsi da BurdinFest, burdina oinarri duen azoka, askotariko jarduerekin. Urriaren 6an, ostiralean, BurdinFest abian jarriko da, meatzaritza-museoen eta -ondarearen bigarren topaketarekin; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan izango da. Dena den, larunbata, hilaren 7a, izango da egun handia; izan ere, egun horretan meatzea bizitasunez beteko da, leku hori baita jai honen muina.

Bertan, haurrentzako tren txiki bat egongo da. Azoka eguerdiko 12:00etan irekiko da. Hasteko, ohorezko aurreskua dantzatuko dute Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldekoek; jarraian, Bodegón abesbatzak “Santa BárbaraBendita” abestuko du.

Ordu erdi geroago, nahi duten guztiek meatzariz jantzi eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute, oroigarri gisa. Etxeko txikienak arkeologo bihurtuko dira egun batez, fosilak eta kristalizazioak sortzeko tailerrari esker. Gainera, sortutako lanak etxera eraman ahalko dituzte.

“BurdinFestek tradizioa eta etorkizuna uztartzen ditu; garai eta ideia berrietara irekita dagoen gizarte baten isla da. BurdinFestek ongietorria egiten die esperientzia berriei, baina bere sustraiak ahaztu gabe. Hori dela eta, artisau-lanbideen erakustaldia egingo da asteburu osoan zehar. Horrez gain, aurtengoan zuzeneko musikaz gozatu ahal izango dugu, eta berritasun bat ere izango da: dozena erdi foodtruck egongo dira meatzean, bertaratzen direnek gurpil gaineko gastronomiarik onenaz goza dezaten" azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Arratsaldeko hiruretan, benetako meatzarien barrakoi bat muntatuko da, eta herri-bazkaria egingo da nahi duten guztientzat.

Arratsaldean, bagonetak mineralekin kargatzeko mundu-txapelketa egingo da,Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan. Gainera, Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkea ofizialki inauguratu aurretik ikusteko aukera egongo da, ate irekien jardunaldia egingo baita.

“Jendea etortzea nahi dugu, eta ikustea gure ametsa ia-ia egia bihurtu dugula. Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkea eraikita dago eta laster irekiko ditu ateak ofizialki. Dena den, aurretik, gure herritarrek eta BudinFestera etortzen diren bisitariek gure zonaldearen motor bilakatuko den proiektu honen edertasuna eta handitasuna ikusi ahal izango dute”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Larunbat arratsaldea oso interesgarria izango da, bigarren erronka eta apustuak egingo baitira: iltzeak, 40 kg-ko errailarekin. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan izango da hori.

Aurten ere, BurdinFesten historian bigarren aldiz, ibilaldi isila egingo da; gaueko hamarretan hasiko da, Blasco Ibañez parkean. Ibilaldi horren bitartez, meatzean izerdia eta malkoak bota zituzten pertsona guztiei omenaldia egin nahi zaie. Herritarren eta bisitarien marea batek Gallartako kaleak zeharkatuko ditu, 500 faroltxok baino gehiagok argituta, azokaren gunera iritsi arte. Gero, han, zuzeneko musika entzuteko aukera izango dute.

Meatzaritzaren Museoak ateak irekita izango ditu jaialdi osoan zehar, bertako altxorrak ikusgai jarriz, eta, igandean, hilaren 8an, mokadu goxoa banatuko die gerturatzen diren guztiei: sutegian eginiko txorizoa. Gallartako Concha II meatzera inguratzen direnek zuzeneko musikaz, haurrentzako tailerrez eta askotariko jarduerez gozatu ahal izango dute BurdinFesten; baina ez hori bakarrik, benetako meatze-ekonomatu batean erosteko aukera ere izango dute, gourmet bertsioan bada ere. Azoka arratsaldeko hiruretan itxiko da, baina lehenengo laztabin-erakustaldia egingo da.

“Bisitariak meatzariz mozorrotu daitezke, edo BurdinFesteko kamiseta ofiziala jantzi: Gazte Informazio Bulegoan dago salgai. Gazteak eta helduak animatzen ditugu azoka honetaz gozatzera; askotariko jarduerak eta giro ona izango dira nagusi, eta iragana eta etorkizuna bat eginda ikusteko aukera egongo da", azaldu du Etxebarriak.

Eskerrak eman nahi dizkiegu udalerriko kultura- eta gizarte-erakundeei eta Meatzaritzaren Museoari, proiektu honetan izan duten inplikazioarengatik.

Meatzaritza-ukituko asteburu honetan zuen zain egongo gara. Etorri eta gozatu gure herriaz, eta eraman gure historiaren zati txiki bat zuen etxeetara.