Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak euskara babesteko konpromiso irmoari eusten dio eta aurten, beste behin ere, euskara ikastea diruz lagunduko du.

"65 eskaera aurkeztu dira; orain, horiek aztertzeko unea da. Deialdian ezarritakoa betetzen duten eskaerek eskatutakoaren % 100 arte jaso ahal izango dute. Hain zuzen ere, aurreikusitako aurrekontu-partida (14.000 euro) hainbanatu egingo da betekizunak betetzen dituzten eskaera guztien artean. Udalak abenduaren 15a baino lehen ebatziko ditu eskaera guztiak eta ondoren, emango diren laguntzen ordainketa egingo du", azaldu du Euskarako zinegotzi Nerea Ruizek.

Azken udal-aurrekontuetan euskara ikasteko aurrekontu-partida areagotu egin zen, banatzeko beken kopurua handitzeko asmoz. 12.000 euro izatetik 14.000 euro izatera iritsi gara, euskara ikastearen ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko. 

"Beste behin ere, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu gure hizkuntza ikastera. Bigarrenez areagotu da aurrekontua. Bi urtetan, 10.000 euro izatetik 14.000 euro izatera igaro gara. Hartara, euskararen aldeko apustua egingo dugu, gure hizkuntza ikasi nahi duten bizilagun guztiei beka gehiago eskainiz", adierazi du Ruizek.

Udalak hamarkada bat darama euskara ikastea bultzatzen. Helburua da euskara gero eta gehiago erabiltzea udalerriko kale eta etxeetan, eta politika onena euskara ikastea bultzatzea da.

Diru-laguntza eskatzen den ikasturtean langabezian dauden pertsonek bekaren beste % 10 jaso ahal izango dute, egoera hori egiaztatzen duen lan-bizitza aurkeztuz gero. Neurri hori 2012az geroztik aplikatzen da; izan ere, udal honek uste du pertsona horiek ordain osagarri bat merezi dutela.

Udalerriko euskara-zerbitzua laguntza horiek izapidetzen errazteko laguntza edo informazioa behar dutenen esku dago.

Beka horiez gain, erakunde publikoetan (hala nola HABE) edo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Eskura Txartelaren bidez ere eska daitezke beste laguntza batzuk, gainfinantzaketarik ez baldin badago.

 "Azken urteotan 300 beka baino gehiago emateko aukera izan dugu gure herritarren artean eta gehiago izan daitezen nahi dugu. Horregatik, 2018ko aurrekontuei begira, euskara ikasteko partidari 2.000 euro gehiago gehitzea balioesten ari gara", jakinarazi du Euskarako zinegotziak.

Eginiko ondoz ondoko urteko igoera aztertuz gero, ikus dezakegu 2015ean 56 eskaera egon zirela eta horietako 53 onartu zirela; % 46 lagundu zen diruz. 2016an, partidari 2.000 euro gehitzean, 61 eskaera aurkeztu ziren; horietako 52 betekizun guztiak bete zituzten eta guzira % 61,12-ko diru-laguntza jaso zuten.