Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak diru-laguntza emango die udalerrian erroldatuta dauden eta 2017 ekitaldiko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaindu duten pertsonei. Meatzaldeko udal honek ezarritako laguntza solidario hori eskatzeko epea aste honetan hasi eta azaroaren 10ean amaituko da.

Abanto Zierbena udal-mugartean ondasun higiezinak dituzten eta gutxienez urtebetez udalerrian erroldatuta egon diren herritarrek jaso ahal izango dute laguntza, baldin eta beren familiako diru-sarrera garbiek ez badute 18/08 Legean (Diru-sarrerak bermatzeari eta gizarte-bazterketaren aurkako gizarteratzeari buruzkoa) ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen.

“Higiezinarentzat ezarritako katastro-balioaren araberakoa izango da diru-laguntza. Hiru tarte ezarri dira: 30 €, 50 € eta 70 €. Familia ugariei % 20 areagotuko zaizkie zenbateko horiek. Hala, Hirukide elkartearen eskaerari erantzungo diogu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

2017ko diru-laguntzen zenbateko osoa 10.000 eurokoa izango da, eta Udalaren aurrekontu orokorretan helburu horrekin jasotako ekitaldi honetarako aurrekontu-aplikazioen kargura ordainduko dira.

“Baliabide gutxien eta behar gehien dituzten pertsonentzat da”, adierazi du Etxebarriak.

Diru-laguntza 30 eurokoa izango da 35.000,00 eurora arteko katastro-balioa duten ondasun higiezinen titularrentzat, 50 eurokoa 35.001,00 euro eta 65.000,00 euro arteko katastro-balioa duten ondasun higiezinen titularrentzat eta 70 eurokoa 65.001,00 eurotik gorako katastro-balioa duten ondasun higiezinen titularrentzat. Ahal dela, diru-laguntza aurtengo abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, eta eskaerak 2017ko azaroaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira.

“Uste dugu OHZ ordaintzeko laguntza hau oso onuragarria izan daitekeela herriarentzat; izan ere, egoera ekonomiko larrian dauden familiek arazo bat gutxiago izango dute. Gastu bat gutxiago, aukera bat gehiago”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.