Albisteak

 

Abanto Zierbena udalerri irisgarriagoa izateko lanean ari da eta, horregatik, 2018an, Gallartak igogailu berri bat izango du. Igogailuak Blasco Ibañez pasealekua eta El Minero etorbidea lotuko ditu, eta, horri esker, onura eta erosotasuna ekarriko die inguru horretatik igaroko diren bizilagunei.

"Irisgarritasun-plan berria daukagu esku artean, herritarren laguntzarekin garatu berria, eta planean jasotako jarduera garrantzitsuenetako bat igogailu bertikal bat eta pasarela bat jartzea da El Minero etorbideko 1.-3. zenbakien artean Gallartan. Horri esker, Blasco Ibañez pasealekuaren eta El Minero etorbidearen artean bizilagunen mugikortasuna hobetuko da, horixe baita gure udalerriko arteria nagusia", jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gaur egun, Blasco Ibañez kalea eta El Minero etorbidea lotzeko hainbat puntu daude; nolanahi ere, azpimarratu behar da horiek guztiak eskaileren bitartez egiten direla, eta, beraz, ez direla ibilbide irisgarria mugikortasun mugatua duten pertsonentzat. Eskailerarik gabeko bidea askoz ere luzeagoa da: kalea inguratu eta Blasco Ibañez parketik igaro behar da.
Lanak martxoan hasiko dira eta igogailu panoramiko bat jarriko da. Horretarako, 8,91 m-ko altuerako desnibela kenduko da Blasco Ibañez kalean dagoen espaloiaren (kota: +122,94 m) eta El Minero etorbidearen artean (kota: +131,85 m) pasarela baten bitartez. Azpiegitura berria mugikortasun mugatuko pertsonek nahiz gainerako bizilagunek erabili ahal izango dute. Helduek edo haurdunek ere izango dute igogailu hori erabiltzeko aukera.

Lanek 6 hilabete iraungo dute eta aukera hori baliatuko da ingurua berriz urbanizatzeko eta lanek eragindako eremuetan berriro landareak jartzeko.

"Garraio-elementu berri horri esker, Gallartako eta Abanto Zierbenako bizilagun guztien irisgarritasuna hobetuko da, Blasco Ibañez kalearen eta El Minero etorbidearen artean komunikazio zuzena hobetuko baita. Udalerriaren irisgarritasuna hobetzeko urrats sendoa emango da eta bizilagunen eskaerei ere erantzungo zaie. Igogailu berri horrek auzoak eta zerbitzuak hurbilduko ditu eta horien arteko lotura erraztuko du modu erosoagoan", azaldu du Etxebarriak.

Proiektu garrantzitsu hau errealitate bihurtuko da 2018an, eta horretarako, 282.000 euroko inbertsioa egingo dugu.

Auzoetako zinegotzi Jon Cuesta bizilagunen esku dago hirigintza-plan honi buruzko zalantzak argitzeko posta elektronikoz (auzoak.barrios@abanto-zierbena.org), Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren telefonoz (946362000) eta aurrez aurre hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean Gallartako Erakusketa Aretoan.

Igogailu berri horren helburua da Abanto Zierbena oztoporik gabekoa eta irisgarriagoa izatea.