Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak familian egiteko 6 ibilbide antolatu ditu udalerriko meatzaritza-auzoetan barrena. Sei egile-ibilaldi hauek seinaleztatuta egongo dira eta auzo hauek zeharkatuko dituzte: Las Calizas, Sanfuentes, San Pedro, Murrieta, Putxeta eta garai bateko meatzarien ospitalea.

Abanto Zierbenako Udalak Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren laguntzarekin antolatu du esperientzia berri hau: familian egiteko moduko sei egile-ibilbide, hain zuzen ere. Ibilaldi lasaiak dira, txikienentzako proposamenekin, baina adinekoentzat ere egokiak; ez dira ibilbide luze edo zailak. Proposamen honen helburua da bidaiariek, ematen duten pauso bakoitzarekin, Abanto Zierbenak ezkutatzen dituen meatzaritzaren arloko altxorrak aurkitzea.

“Gainera, jendea animatze aldera, sei ibilaldiak 24 zutoinekin seinaleztatuko dira, eta horietan meategietako figurak egongo dira inskribatuta (kasurako, bagoneta bat). Haurrek beren bidaiariaren koadernoan kopiatuko dituzte figura horiek, eta, ibilbidea osatu eta geldialdietako ikur guztiak biltzen badituzte koadernoan, opari bat jasoko dute Meatzaritzaren Museoan”, adierazi du Etxebarriak.

 “Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuko Ondarearen Europako Jardunaldien barnean, Abanto Zierbenako Udalak lehen ibilaldi gidatua egin zuen urriaren 1ean, esperientzia pilotu gisa, meatzaritza-auzo horietako ibilaldi familiarren proposamena ezagutarazteko. Bizkaiko hainbat lekutako 40 pertsonak gozatu zuten esperientzia horretaz; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museotik abiatu ziren, eta garai bateko meatzarien ospitalean amaitu zuten ibilaldia, monitore baten gidaritzapean. Familian bizitzeko esperientzia horretan, haurrek ospitalearen maketa bat eraiki zuten, eta haur zein helduek gertutik ezagutu ahal izan zuten meatzarien lan gogorraren historia, zoritxarreko istripuz betea, baina baita elkartasunez ere”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Esperientzia pilotu hori berriro egingo da urriko azken igandean, eta dagoeneko 35 pertsonak eman dute izena, helbide honetan: ingurumena@a-zz.net. Asmoa da bisitari eta herritarrek bidaiarien koaderno bat eskuratzea eta familiartean ibilaldiak egitea.

Hala nahi duten bisitari guztiek “Bidaiariaren koadernoa” hartu ahal izango dute Meatzaritzaren Museoan; 2.000 ale aterako dira. Koaderno horiei jarraituz, bidaiariak Abanto Zierbenako hainbat txokotan ibiliko dira. Jarduera honen bitartez, udalerriak dituen elementu turistiko interesgarriak nabarmendu nahi dira: paisaia ederra, ondare historikoa, natura, gastronomia... Hori guztia bisitariek aurkitu zain dauden elezaharrez eta misterioz inguratuta.

Turista aktiboago eta zorrotzagoentzat antolatu da jarduera hau; hau da, uneari “ahalik eta etekin handiena” atera nahi diotenentzat eta tokiak era pertsonal eta berezian ezagutu nahi dituztenentzat.

Pausoz pauso, bisitariek meatzaritzak utzitako arrastoak ikus ditzakete. Gure historia hurbilean gal daitezke, “Vía Chica” izenekoan barrena. Zuhaitz ugariko ibilbidea da, naturaz inguratua. Lehen, bide horretatik igarotzen zen Galdames eta Sestao lotzen zituen meatzaritza-trena. Mineral-garbitokia oraindik ere zutik dago Putxeta auzoan; hori ere ikusi beharreko gunea da.

Abanto Zierbenan zehar eramango gaituen ibilbide interesgarri eta aberasgarri honek beste ezusteko bat ere badu: Barco familiaren dorrea. XVII. mendeko jauregi barroko eder hori Sanfuentes auzoan dago, Santa Luzia zelaiaren ondoan.

Bide Berdeko II. Ibilaldi Osasungarria

Gure udalerriko natura- eta ondasun-baliabideei balioa emanez, bisitariak erakarri nahi ditugu, hemengo merkataritza eta ostalaritza indartzeko asmoz. Hain zuzen ere, helburu horrekin, igande honetan, urriaren 22an, Burdinmendi Bide Berdeko II. Ibilaldi Osasungarria egingo da. Horren bitartez, parte hartzen dutenek meatzaritzako trenbideak non zeuden deskubritu eta denborarekin paisaia nola aldatu den ikusi ahal izango dute.

Plan osasungarri hau familian egin daiteke, eta honako hauen arteko lankidetza estuari esker gauzatu da: Abanto Zierbenako Udala, Enkarterrialde Landa Garapeneko Elkartea eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa.

Bide berdeko ibilaldia 9 kilometrokoa izango da eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan hasiko da, 10:45ean. Parte-hartzaileen kontrola egingo da han, eta beharrezko materiala entregatuko da: informazio-liburuxkak, zozketarako zenbakia eta anoa-posturako txartela. Ondoren, parte-hartzaileek informazio-hitzaldi bat entzun ahal izango dute, Concha II meategiaren gainean dagoen Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parke berriko terrazatik.

Ibilaldia 11:30ean hasiko da, eta parte-hartzaileak La Balastera auzotik sartuko dira bide berdera; ondoren, oinez joango dira kargalekuaren hondarretaraino eta “El Once”-raino. Han anoa-postu bat egongo da, eta fruta, ura eta txoripanak banatuko dizkiete, indarrak hartzeko, baita bideari buruzko informazioa ere; hamaiketako ederra izango da, gorputza eta jakin-mina asetzeko modukoa.

“Ibilaldi hau egiten den bigarren aldia da. Bertan, agerian geratuko da bide berdea, garai batean burdin mea Enkarterriko meategietatik itsasaldera eramateko erabiltzen zen trenbidea. Ibilbidean zehar, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko langile adituek azalduko dute zer-nolako arrastoa utzi zuen meatzaritzak gure paisaian; baino gehiago harrituta geratuko da, ziur. Meatzaldeko herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta beren sustraiak eta ingurunea hobeto ezagutzera”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Izen-ematea doakoa da, eta Udalaren webgunean (www.abanto-zierbena.eus) edo Enkarterrialderen webgunean (www.enkarterrialde.eus) egin daiteke.
Ingurune berdez eta burdinaren kolore gorriz beteriko ibilaldi hau bukatutakoan, parte-hartzaileek beste ibilaldi bat egin dezakete, oraingoa gastronomikoa; izan ere, Meatzari Pintxoaren ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute Eusko Gudariak plazako tabernetan. Eguna ondo bukatzeko, hainbat opari eta detaile zozkatuko dira parte-hartzaileen artean, oroigarri gisa gorde ditzaten.

“Ibilbide erraza da, denek egiteko modukoa. Uste dugu plan bikaina dela igandea familiartekoekin, bikotekidearekin edo lagunekin igarotzeko. Gainera, plan osasungarri eta aberasgarri honek aukera emango digu burdinaz eta suz forjatutako gure historia ezagutzeko”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.