Albisteak

 

Aurten ere, San Antonio jaiak jarduerez, alaitasunez eta giro onez beteta iritsiko dira. Gallartako herritarrek zapi gorria jantziko dute ekainaren 9tik (ostirala) ekainaren 18ra (igandea) arte.
Hamar jai-egun izango dira, eta hasiera Kontxaren jaitsierak markatuko du, herriko jaien damak. Arratsaldeko seietan izango da, Meatzaritzaren Museotik Eusko Gudariak plazaraino. Kontxari Abanto Zierbenako herritarrek, Abanto Musika Eskolak, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldeak eta “Abanto Zierbena Atseginez” hiri lagunkoien taldeko partaideek lagunduko diote.

Eusko Gudariak plazan, jaien erdigunean, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldeak jota eta arin-arin tradizionalak dantzatuko ditu arratsaldeko zazpietan.
“Arratsaldeko zazpi eta erdietan pregoia irakurriko du Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak. Jarraian, txupinazoak hasiera emango die 2017ko San Antonio jaiei, plaza konfetiz betez. Orduan dantzatuko da ohorezko aurreskua", adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ordu erdi geroago, eta ahobizarra kentzeko, Gallartako Emakumeen Kultur Elkarteak lunch gozoa banatuko du. Arratsaldeko zortzietan, Oihan Vega DJak bere saioa eskainiko digu Eusko Gudariak plazan. Eta dantzan dihardugun bitartean, ACHAk zozketa handi bat egingo du, Mediterraneoan zeharreko gurutzaldi bat, hain zuzen.

2017ko San Antonio jaietako ekitaldi nagusia gaueko hamaika eta erdietan izango da; izan ere, ordu horretan, Celtas Cortos taldearen kontzertuarekin gozatu ahal izango dugu. Taldeak bere lanen 2.000.000 kopia baino gehiago saldu izan ditu bere ibilbide luzean zehar. Zalantzarik gabe, kontzertu paregabea izango da.
Eta kontzertuan dantzan eta saltoka ibili ondoren jaiarekin jarraitu nahi badugu, Oihan Vegaren eskutik egin ahal izango dugu, goizaldeko ordu txikietara arte.

“Bigarren urtez jarraian, txosnak Dolores Ibarruri parkeko aparkalekuan egongo dira. Horrela, bizitza emango diogu Gallartako goiko aldeari eta jaia udalerriko txoko guztietara iritsiko da", azaldu du Etxebarriak.

Ekainaren 10ean, larunbatean, ekintza asko egongo dira goizez: San Miguel futbol-zelaian futbol-txapelketa egongo da, udal-igerilekuetan igeriketako eta aerobic-eko erakustaldiak eta Gallartako Xakelarien Taldeak Nazioarteko "San Antonio” Xakeko Opena antolatu du. Pilotak ere bere lekua izango du; goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu bietara, Pilota Eguna eta Goxua Txapelketa egingo dira. Horien bidez, Gallarta Pelotazale elkarteak herritarrek kirol horretan dituzten abileziak probatu nahi ditu. Goizeko hamaika eta erdietan, Zuhaitz tabernan tiragomen jaurtiketa herrikoia egingo da, Enkarterri Tiragomas taldearen eskutik. Gainera, goiz osoan zehar, etxeko txikienek meatzaritzako haur-parkean ongi pasatu ahal izango dute. Eta arratsaldean ere gozatzeko aukera izango dute; izan ere, arratsaldeko lauetatik seiak arte uretako puzgarriak egongo dira udal-igerilekuetan.
 
Lau eta erdietatik zortzietara, esku-pilotako “XXXII. Txelu Izaguirre Memoriala” txapelketa ospatuko da, banan-banako modalitatean. Arratsaldeko bostetan, Blasco Ibañez parkean, haurrentzako jolasak egongo dira, Bere Ahotsa elkarteak antolatuta. Eta ordu erdi geroago, leku berean, tiragomen txapelketa egingo da.

Beranduago, arratsaldeko zazpietan, Harri Zulatzaileen Liga ikusteko aukera izango dugu Dolores Ibarruri plazan; Ezkerraldeko taldeek parte hartuko dute.
Eta Gallartako jaietako larunbata denez, ezin dugu musika alde batera utzi. Hortaz, arratsaldeko zortzietan, Eusko Gudariak plazan, musika zelta entzun ahal izango dugu, “The Derty Gerties” taldearen eskutik. Eta musikari dantzak jarraitzen dionez, gaueko hamarretan, Txikito pilotalekuan, Harrigorriaga Dantza Taldearen Pausuz-Pausu dantza-erakustaldia ikusteko aukera izango dugu.

Ondoren, Gallarta osoa dantzan jartzeko, hamaika eta erdietatik aurrera, dantzaldia egongo da Raspurekin El Minero etorbidean; eta gauerditik aurrera, Vulkano Show orkestrarekin Eusko Gudariak plazan.

“60 ekitaldik baino gehiagok osatzen dute jaietako egitaraua eta 14 kultura- eta kirol-elkartek parte hartzen dute aktiboki jardueretan. Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu jaiei eskaintzen dizkieten ahalegin eta maitasunagatik. Gallarta osoa dago San Antonio iristeko zain”, adierazi du alkateak.
Ekainaren 11n, Gallartan, jaiak aurrera jarraituko du askotariko jarduerekin. X. San Antonio futbol-txapelketako finalak jokatuko dira San Miguel futbol zelaian, kalejira egongo da herrian zehar, eta Abanto Zierbenako ehuleen topaketa egingo da Dolores Ibarruri parkean. Azken hitzordu horren barruan haurrentzako puntu-tailerra egingo da. Hamabietan, perretxikoak dastatu eta haiekin ikasi ahal izango dugu, Mikologia Elkartearen eskutik. Eta aldi berean, Herri Kirolen erakustaldi parte-hartzaileekin gozatu ahal izango dugu. Gainera, arku-tiroa eta dantza-erakustaldia egongo dira; eta bost eta erdietan, rock and rolla iritsiko da Eusko Gudariak plazara, “Rock Legends” taldearekin eta helduak ere dar-dar jarriko dituen haurrentzako bere emanaldiarekin. Eta arratsaldeko zortzietan, bailbainadak iritsiko dira, Bilbao Mapamundi taldearen eskutik.

“Hilaren 12an (astelehena) eta 14an (asteazkena) barrakak egongo dira eta prezio merkea izango dute: bidaia bakoitza 1,50 euro”, esan du Etxebarriak.

Hilaren 13an (asteartea) San Antonio eguna da, eta hori dela-eta meza ospatsu bat egingo dugu santuaren omenez. Horrez gain, haur-parkea, makillaje- eta tatuaje-tailerrak eta abesbatzaren kontzertua ere egongo dira. Eguerdian adinekoentzako herri-bazkaria egongo da, La Mina elkarteak antolatuta, euren lokalean. Abanto Zierbenak diruz lagundu du ekimen horren % 50. Horrez gain, norbaitek festa gogoz jarraituz gero, denontzako txitxarrilloa egongo da plazan, Galea taldearekin, eta ondoren Blue Yeyés taldearen emanaldia.
San Antonio Paduakoaren jaia aitzakia hartuta, egunari amaiera emateko, Pala Profesionalaren Open Txapelketako finalerdia eta esku-pilotako “San Antonio” txapelketa egingo dira. Azken horretan aurrez aurre arituko dira Bengoetxea VI-Erasun eta Artola-Imaz. Sarreraren prezioa 20 eurokoa izango da, eta hilaren 8an eta 10ean egongo dira salgai, pilotalekuan bertan. Egun horietan erosten ez dutenek txapelketaren egunean bertan ere erosteko aukera izango dute.

Ekainaren 15ean (osteguna), Amigos de la Guitarra elkarteak emanaldia egingo du Gallartako ekitaldi-aretoan, arratsaldeko zazpi eta erdietan.

Ekainaren 16an (ostirala), Gallarta berriz ere jai-giroan murgilduko da; arratsaldean kart pedaldunak eta burbuila erraldoien tailerra egongo dira Eusko Gudariak plazan. Ordubete beranduago areto-futboleko San Antonio 2017 txapelketaren finalerdiak izango dira. Arratsaldeko zortzietan, berriz, gure herritar kuttunenetako batek, Marenek, Eusko Gudariak Plazan abestuko du. Ezaguna da, hain zuzen, La Voz Kids saioan parte hartu zuelako.
Gauean Wilson & Willsonetis taldearen emanaldia izango dugu; Fito y Fitipaldis taldearen abestiak jotzen arituko dira. Eta gogotsu geratzen direnentzat, erromeria egongo da egunsentira arte, Trikizio taldearen eskutik.

Jaietako azken larunbatari hasiera emateko, goizean kalejirak eta haur-parkea egingo dira, baita plater-tiroketako “San Antonio” txapelketa handia ere, zulo olinpikoan (25 platerekin). Txapelketa Gallartako Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuko du. Arratsaldean, esku-pilotako “Txelu Izaguirre Memoriala” txapelketa egingo da, binakakoa. Gero txapelketako sariak banatuko dira. Arratsaldeko zortzietan, Gallartako kaleak musikaz beteko dira; hain zuzen ere, kalejira egingo da Marciano iturritik hasita, Tarumba Percusión taldearen eskutik, eta beste bat udaletxetik, Drimuns taldearekin. Horrek hasiera emango dio Gallartako jaietako jaitsiera tradizionalari.
 
“Dantza egiteari utzi gabe, San Antonio jaietako jaitsiera egingo da, Marciano iturritik Eusko Gudariak plazara arte; horrek izugarri girotuko du jaietako azken larunbata. Herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera. Gainera, Aldatz Gora fanfarreak kaleak girotzen jarraituko du; urteak pasatu dira, baina sasoi betean jarraitzen dute”, adierazi du alkateak. Gauari amaiera emateko, Nuevo Diamante Show orkestrak emanaldia egingo du.

Igandea izango da jaietako azken eguna, baina ez garrantzi gutxiagokoa, paella-lehiaketa egingo baita egun horretan.
Horrez gain, areto-futboleko txapelketaren finalak izango dira eta Abantoko Musika Eskolako ikasleek ikasturtearen eta jaien amaierako emanaldia egingo dute jendaurrean, Eusko Gudariak plazan. Hamar eta erdietan, denok beltzez jantzi eta jaiei agur esango diegu, malko artean, hileta-kalejira batekin. Sardina-ehorzketa esaten zaio ospakizun horri eta, bertan, aiene eta txantxa artean agurtuko ditugu jaiak.

“Jaiak seguruak izan daitezen eta giro ona egon dadin nahi dugu; hori dela eta, ostiral eta larunbat gauetan prebentzio-zerbitzu bat jarriko da Kultur Etxean, etengabe bertan egongo den botika-kutxa batekin, eta anbulantzia ere bertan izango da, 22:00etatik 6:00etara bitartean. Horrez gain, udaltzainak ibiliko dira gauez. Inolako eraso sexistarik toleratuko ez dituzten jaien aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Urtebete daramagu gure jai kuttunen zain, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu herritar guztiek askatasun osoz eta giro onenenean ospa ditzaten San Antonio jaiak”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

Ongi etorri, San Antonio jaiak