Albisteak

 

2015eko ekainaren 25a.- Abantoko San Pedro auzoak bertako jai handia ospatuko du datorren astelehenean, ekainaren 29an, Las Carrerasko Jai Batzordearen antolakuntzaren laguntzarekin. Lau atal izango ditu jaien egitarauak: gastronomia, kirola, haurrak eta aisialdia. San Pedroko lautadan egingo dira jarduerak.

Aspalditik egiten da paella-lehiaketa, eta koadrila askok parte hartzen dute; 70etik 250 eurora arteko sariak eta garaikurrak jokatzen dira. Patata-tortillen lehiaketak, berriz, 30 eta 70 euro bitarteko sariak ematen ditu.

Kirolari dagokionez, aurtengo sanpedroetan harri-zulatzaileen erakustaldia izango da; Las Carrerasko taldeek parte hartuko dute. Horrez gain, txinga-lehiaketa egingo da, gizonen eta emakumeen kategorian; halaber, igel-tokako norgehiagoka antolatuko da. Hiru espezialitateetan sari bana emango da.

Haurrentzat, berriz, zeramika-tailerrak, puzgarrietako jolasak eta talogintzako tailerra egongo dira. Azken hori zuzentzen Aitor Aurrekoetxea chefa arituko da, euskal jaki tradizional horretan espezialista. Arratsalde bukaeran eta gauera arte, dantzaldi handi bat izango da, DJ batekin.

Maite Etxebarria alkateak nabarmendu egin du Udalak Abanto Zierbenako auzo guztiei jai-egitaraua jartzen egin duen ahalegina. “Jaiok balio dezatela tradizioei eusteko eta herritarrak batzeko”.