Albisteak

 

Martxoaren 31tik (ostirala) apirilaren 9ra arte (igandea), Abanto Zierbenak Euskal Astea ospatuko du. Guztientzako ekintzez beteriko 10 egun izango dira, eta horien erdigunea Euskal Ezkontza izango da. Abanto Zierbenako herritarrek euskal ezkontza bat irudikatuko dute Las Carrerasko kaleetan, herria tradizio eta giro onarekin piztuz.

“Euskal astea martxoaren 31n, ostiralean, hasiko da, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak antolatutako hitzaldi-solasaldi batekin. Bertan, Carlos Glaríak Meatzaldeko meatzeei eta euskal toponimiari buruz hitz egingo du”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ikastetxeek ere Euskal Astean egiteko garrantzitsua izango dute. Apirilaren 3an, astelehenean, Dolores Ibarruriko ikasleek Ibon Urrutiaren bisita jasoko dute. Hark DBH amaitu ondoren ikasketak euskaraz jarraitzeko dituzten aukerei buruz hitz egingo die. Hilaren 4an, asteartean, udalerriko ikastetxeetako ikasleek Askartza Isusi ikastetxeko gimnasioan hitzordu bat dute bertsoekin. Parte hartzaileak bertsolari izango dira egun batez eta Bertsogintza programan zehar ikasgeletan ikasitako guztia erakusteko aukera izango dute. Programa hori Udalak diruz laguntzen du.

Arratsaldean, euskal literaturzaleek literatura saio batez gozatu ahalko dute, Mikel Hernández Abaitua idazle gasteiztarrarekin (orain Donostian bizi da) eta “Airearen Isla” bere liburuarekin. Ekimena Meatzaldeko Irakurzale Klubak antolatu du.

Apirilaren 5ean, asteazkenean, Eusko Gudariak plazan, mintzodromoa egongo da goizez. Bertan, euskaltegiko eta Dolores Ibarruriko ikasleak elkartuko dira, euskaraz hitz egin eta ondo pasatzeko.

“Aurten, gainera, mintzodromo txikia ere egingo dugu, Etorkizuna Ikastola eta Buenos Aires ikastetxeko ikasle batzuekin. Arratsaldeko hiruretan izango da eta ziur gaude oso ekintza dibertigarria eta aberasgarria izango dela", adierazi du Etxebarriak.

Apirilaren 6an, ostegunean, KORRIKA Abanto Zierbenako kaleetatik igaroko dela aprobetxatuz, eta aho-zapore hobea uzteko, txokolatada egongo da Blasco Ibañez pasealekuan, 9:30ean, parte hartzaileek indarrak berritzeko. Eta gazteek hankak mugitzen jarraituko dute; izan ere, diskofesta ere egongo da, pasaleku berean. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, jaiak Gallartako Txikito pilotalekuan jarraituko du.

“Mundu guztiak KORRIKAren amaiera ikusteko aukera izan dezan nahi dugu; Iruñean izango da, hilaren 9an, igandean. Horregatik, Udalak, AEKren laguntzarekin, autobus bat jarriko du helmugara, hots, Nafarroako hiriburura, joateko. Bertan KORRIKAk euskararen alde egindako 2. 535 kilometroen amaiera ikusi ahalko da. Txartelak bi euroan salduko dira, Gallartako euskaltegian”, adierazi du Etxebarriak.

Apirilaren 7a, ostirala, erritmoz beteta egongo da. Arratsaldeko zazpietan, dantzaldia hasiko da eta, dantzatzeaz gain, Blasco Ibañez pasealekura hurbiltzen direnek koreografiak ikasteko aukera ere izango dute. Baldintza bakarra dena ematea izango da. Axola Euskara Elkarteak, gaueko hamarretatik aurrera, aurreko urteetan bezala, bertso afaria ospatuko du. Aurtengo ardatz nagusia HipHopa izango da eta Oskar Estanga bertsolari ezaguna bertaratuko da.
Baina, zalantzarik gabe, 2017ko Euskal Astea Euskal Ezkontzak markatuko du; Las Carrerasen ospatuko da apirilaren 8an, larunbatean.

Goizeko 12:00etan, ezkongaiak beren etxeetatik irtengo dira (Murrieta eta Los Llanos, hurrenez hurren), bakoitza bere segizioarekin, eta Haritzalde plazan elkartuko dira senide, lagun eta auzotar guztiekin. Abanto Musika Eskolak segizioak girotuko ditu. Orduan, ezkonsaria irakurriko da, Abanto Musika Eskolako txalapartaren soinuarekin. Enarak Dantza Taldeak dantza tradizionalak eskainiko dizkie ezkongaiei.

Eguerdiko ordu batean, meza emango da San Pedro Apostoluaren elizako zelaietan. Enarak Dantza Taldeak ezkonberrien omenean dantzatuko du eta ezkontza girotzeko Otxote Muñatonesek eta Las Karretako San Pedro Hogeita Lau abesbatza mistoak abestuko dute.
Jaiarekin jarraitzeko, trikipoteoa egingo da Haritzalde plazan, eta Las Carrerasko Emelka emakumeen Elkarteak otordu txiki bat banatuko du bertaratutakoen artean.
Mokadutxo bat izango da; izan ere, hiruretan, herri bazkaria hasiko da Las Carrerasko pilotalekuan.

“Sartzeko beharrezkoa izango da euskal jantziekin etortzea eta txartela ekartzea. Txartelak martxoaren  30ean eta 31n erosi ahal izango dituzte elkarteek eta, apirilaren 3an eta 4an, berriz, gainontzekoek. Hauek dira sarrerak erosteko lekuak eta ordutegiak: HAZen, Haritzalde aretoan (astearte eta ostegunetan 12:00etatik 15:00etara) eta Gaztegunean (astelehen, astearte eta ostegunetan 16:30etik 20:30era eta ostiraletan 16:00etatik 21:30era)”, azaldu du Etxebarriak.

Herri bazkariaren ondoren dantzaldia egongo da, bazkaria jaisteko. Arratsaldeko bostetan izango da, pilotalekuan bertan, LUHARTZ taldearen eskutik.

Eta ezkontzari amaiera borobila emateko, abestu beharra dago, eta ahal dela, gauak har gaitzala. Beraz, Euskal Kantak guztientzat, Las Carrerasko kaleetan zehar. Kantutegiak banatuko dira pertsona guztiak anima daitezen eta guztiek abes dezaten.

Gora ezkongaiak!!