Albisteak

 

Asteburu honetan, urtarrilaren 26an eta 27an, Gallartako Txikito pilotalekuan, aretoko arku-tiroko Euskadiko txapelketa absolutua jokatuko da, Abanto-Gezaleriak klubari esker, Abanto Zierbenako Udalarekin lankidetzan. Gure lurraldean praktikatzen diren 5 modalitateak egongo dira: kurbatua (olinpikoa), longbow, arku biluzia, konposatua eta senezkoa. Azken horrek esan nahi du ez daukala bisorerik; beraz, punteria eta sena bere adierazpiderik gorenean daude, halako arku batekin botatzean.
126 arkularik hartuko dute parte, honela berezita: kurbatua (olinpikoa): gizonezkoak 29, emakumezkoak 7; konposatua: gizonezkoak 36, emakumezkoak 4; tradizionala: gizonezkoak 15, emakumezkoak 6; biluzia: gizonezkoak 7, emakumezkoak 5; longbow: gizonezkoak 6, emakumezkoak 1.

“Abanto-Gezaleriak kluba Euskadiko onena da, eta estatuko onenetakoa. Bertako arkulariak gorenera iristen ari dira. Oso harro eta pozik gaude gure udalerriraino ekarri dutelako Euskadiko arku-tiroko txapelketa bat gure historian lehen aldiz. Asteburu honetan, kirola izango da protagonista: ikuskizuna eta giro ona ziurtatuta dago”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Arku-tiroa gizakion jarduerarik zaharrenetako bat da, baina kirol moduan ezezagun handia da oraindik, nahiz eta azken urteetan interes handia piztu duen jendearengan.
“Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko arkularirik onenek beren trebezia erakutsiko dute asteburu honetan; maila altu-altua da eta txapelketa handia izango da, ziur”, adierazi du Alberto Porterok, Abanto-Gezaleriak klubeko lehiaketen arduradunak.
ABANTO GEZALERIAK Arku Tiro Kluba Euskadin denbora gehien daraman klubetako bat da; 33 urte darama bete-betean joz. Euskadiko kluben artean, sari gehien jaso duena da, eta ia ehun bazkide ditu, denak kirol honen zaleak.

Klubak “El Calero” arku-tiro zelaian jarduten du. Abanto Zierbenako Udalak eraiki zuen, Putxetan, Tailer Eskolaren bidez, eta, egun, kirol hau egiteko instalaziorik onena da Euskadi osoan.
 “Gure ibilbidean Abanto Zierbenako Udalak emandako laguntza eta babesa eskertzen dugu, beti egon batira prest laguntzeko, eta, oraingo honetan ere ez dute zalantzarik egin Euskadiko lehiaketa bikoitz hau egiten laguntzeko”, gogorarazi du Porterok.
Arku-tiroan hasi nahi duen edonorentzat, Gezaleriak klubak urtero doako ikastaroak ematen ditu. Parte hartzeko ez da beharrezkoa arkurik izatea, antolatzaileek ematen baitute kirol hori egiteko behar den material guztia.
2002tik aurrera, Bizkaiko Federazioak arku-tiroa sartu du eskola-kirolean, eta Gezaleriak kluba ekimen horretara batu da, inguruko ikasle guztiek kirol hau ezagutu eta egin ahal izan dezaten.

Generorik gabeko kirola

Gainera, larunbatean, urtarrilaren 26an, arratsaldeko seietatik aurrera, Gallartako Txikito pilotalekuan, euskal arkulari emakumezko hoberenek erakustaldi bat egingo dute. Argi uzteko kirol honetan generoak ez duela zeresanik, erronda irekiak egingo dira, kirol hau probatu nahi duten emakume horientzat guztientzat.
Tabuak apurtzea da kontua, eta frogatzea emakumeek ere arku-tiroa egin dezaketela, inongo mugarik gabe. Hori agerian uzten du Euskadiko emakumezko arkularien mailak. Emakumeek arku-tiroa deskubritu eta hartaz gozatzeko hitzordua izango da.

“Garrantzitsua da emakumeentzako guneak irekitzea, garrantzia ematea kiroleko berdintasunari, eta hori lortzeko modu on bat da hau”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.