Albisteak

 
Bosgarren urtez jarraian, Abanto Zierbenako Udala lankidetzan arituko da Beti Abanto Sahararekin elkartearekin, eta 2014az geroztik, lankidetza-hitzarmenak sinatzen ari gara elkarrekin. Horrenbestez, aurrera jarraituko dugu udalaren eta Smara probintziako Chederia sahararren kanpamentuen udalerriaren artean sinatutako senidetze-itunarekin.

Akordio horri esker, hainbat proiektu egin dira saharar herriarekin; besteak beste, 300 adingabe joaten diren haur-eskola batean mantentze-lanak egin dira, eskola hobetu da, oinarrizko elikagai guztiak dituen gosari bat bermatu zaie ikasleei egunero, ikasgelen mantentze-lanak egin dira eta uraren kanalizazioa hobetu da.

“Gainera, laguntza humanitarioko kanpainak edo bakean bizitzeko oporren programak egin dira, hau da, Abanto Zierbenako familiek saharar haurrak hartu dituzte udan azken lau urteotan. Halaber, saharar familiak babesean hartu dira, prestakuntza-zentro bat eraiki da eta material informatikoaren dohaintzak egin dira” azaldu du Abanto Zierbenako alkateak, Maite Etxebarriak.

Udalak eginiko lanarekin jarraitzeko, senidetze-itunaren babesean, hitzarmenak sinatu dira elkartearekin.

“Lan bikaina egiten dute, eta saharar herriarekin inplikazio oso handia dutenez, elkarte horri 10.000 euroko diru-laguntza emango diogu, laguntzen jarrai dezaten, orain arte egin duten moduan”, adierazi du Etxebarriak.

Elkarte horren lanari esker, saharar haurrak kanpamentuetatik irteten dira eta oporrak bakean bizitzen dituzte; hartara, bi hilabetez Aljeriako basamortuan udan izaten dituzten muturreko bero-baldintzetatik urrundu daitezke. Orain arte, bost haurrek gozatu dute esperientzia horretaz.

Bestalde, Udalak babesean hartzeko proiektu bat jarri zuen martxan, senidetutako komunitateko arduradunekin lankidetzan. Proiektu horren xedea da Daira Chederiako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, bereziki familia hauena: helduena, desgaitasunak dituztenena, adin txikikoena, gizartearen eta osasunaren arloko arazoak dituztenena, guraso bakarreko familiena... Proiektua udalerrian zabaldu da, eta familiok babesean hartuko dituzten pertsonek laguntza ekonomiko bat ematen dute urtero babesean hartutako familientzat. Bi aldeen fitxa teknikoa egin da, eta ekarpenak hartzearekin eta banatzearekin lotutako guztia kudeatu da. Gainera, ekarpenei buruzko memoria ere egin da.

Elkarteko kideek, eta bidaia batzuetan baita Udaleko langileek ere, Chederiara bidaiatu dute urtero, proiektuarekin aurrera jarraitzeko eta proiektua bera ebaluatzeko.

“Bisita horiei esker, laguntza zuzena ematen dute, eta, gainera, zuzenean ezagutzen dituzte saharar herri honen premiak. Bidaia horietatik sortzen dira premia horiek asebetetzeko egitasmo berriak. Horregatik, adibidez, prestakuntza-zentro bat eraiki da herritar guztientzat, informatika-gela batekin eta kuskus-tailer batekin, komunitateko pertsona guztien prestakuntza-gaitasunak hobetzeko asmoz eta teknologia berriak erabiltzeko espazio bat emateko asmoz” esan du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako bizilagunak beti izan dira solidarioak. Horien eta saharar herriaren arteko senidetze horri esker, martxan jarri da Daira Chederiako haur-eskolako ikasgeletako materialaren egokitzapena, oinarrizko elikagaiak eta azpiegiturak kudeatzeko proiektua. Udalak ekimen hori bultzatu zuen Dairaren arduradunekin lankidetzan, azpiegiturak hobetzeko, instalazioen eta hezkuntza-materialaren mantentze-lanak egiten laguntzeko eta haur-eskolako ikasleen gosarirako oinarrizko elikagaiak helarazteko ikasturte osoan.

Amaitzeko, zera esan du Etxebarriak: “Abanto Zierbena udalerri konprometitua eta solidarioa da, eta laguntzen jarraitu nahi dugu ahal den guztian. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu elkarte horretako boluntarioei, egiten duten lanagatik; eredu bat dira. Frogatu da herrien artean ulertu egiten garela eta elkar lagundu dezakegula, eta elkarrekin lanean jarraituko dugu gure herri senidetuaren, saharar herriaren, egunerokoa hobetzeko”.